Iñaki Etxarte auziperatu du epaileak, Kolonbiako presidentea hiltzen saiatu zelakoan

Hitza.info, Berria.info 2010ko mar. 1a, 16:03

Azpeitiar deportatuaz gain, Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak beste bost euskal herritar auziperatu ditu eta FARCeko zazpi

Epaileak dio FARCek Alvaro Uribe hiltzeko laguntza eskatu ziola ETAri

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Iñaki Etxarte azpeitiar deportatua —Kuban dago— eta Kuban bertan eta Venezuelan bizi diren bost euskal herritar auziperatu ditu eta FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako beste zazpi, Alvaro Uribe Kolonbiako egungo presidentea eta Andres Pastrana presidente ohia hiltzen saiatu zirela egotzita.

Arturo Cubillas Fontan, Iñaki Dominguez Atxalandabaso, Jose Mari Zaldua, Jose Angel Urtiaga Martinez eta Jose Migel Arrugaeta San Emeterio dira epaileak auziperatu dituen beste bost euskal herritarrak. 80ko hamarkadan Espainiako Gobernuak deportatutakoak dira gehienak. Velascok dio FARCek Uribe eta Pastrana —biok Espainiako Estatuan zirela— hiltzeko laguntza eskatu ziola ETAri.

Epailearen arabera, gainera, Venezuelako Gobernuak "bi erakunde terroristen lankidetzan" laguntza ematen du.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Ocaña I.ean (Espainia) dago preso, 530 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide