Hil zeneko 25. urteurrenean Santi Lazkano omendu dute

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 2a, 11:03

Txirrindularitzaz Enparan Dorretxean izandako mahai-inguruan Xabier Usabiaga, Txomin Perurena, Andres Gandarias, Herminio Diaz Zabala, Alfonso Gutierrez txirrindulari ohiak eta Julian Kortajarena Kirol zinegotzia. (Irene Elorza)
Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta pasa den larunbatean eta igandean izan dira ekitaldiak

Bi talde berri aurkeztu zituzten; kadeteena eta jubenilena

Aurten 25 urte hil zen Santi Lazkano txirrindulari errezildarra Aizarnazabalen, moto istripuan; 1985eko otsailaren 3an izan zen ezbeharra, zehazki. Azpeitiko Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak urtemugan omenaldia egin dio. Joan den asteburuan hainbat ekitaldi egin dituzte Lazkano gogoan.

Larunbat arratsaldean, Enparan Dorretxean, txirrindularitzaz mahai-ingurua antolatu zuten. Bertan, jende asko bildu zen hitzaldia entzutera.

Herenegun, berriz, eguerdia bitartean ekitaldiak egin zituzten txirrinduzaleek. Goizeko 10:00ak inguruan bizikleta martxa egin zuten Azpeitiko plazatik Aizarnazabaleraino, Santi Lazkanoren oroitarriraino. 60 txirrinduzale inguruk hartu zuten parte irteeran. Han, aurreskua dantzatu zien dantzari batek Santi Lazkanozenaren emazteari, alabei eta arrebei. Ondoren, Sebastian Lizasok bertsotan jardun zuen eta monolitoan lore eskaintza egin zuten.

Aizarnazabaldik bueltan zirenerako, Santi Lazkanoren txirrindularitzako ibilbidea azaltzen zuen argazki erakusketa jarrita zuten udaletxeko arkupetan. Han, Lagun Onakeko bi txirrindulari taldeak aurkeztu zituzten eta Irrintzi Elkarteak hamaiketako eman zuen.

**Txirrindularitzako bi taldeak prest**

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak Kadeteen eta Jubenilen mailako talde bana osatu dute. Bi taldeek Lan Mobel izango dute babesle nagusia denboraldi honetan eta larunbatean hasiko dute lehia.

Kadeteetan hamabost txirrindulariko taldea osatu dute. Ondorengoak dira txirrindulariak: Ander Garate, Jokin Alberdi, Igor Caballero, Iñigo Korta, Xabier Odriozola, Mikel Eizagirre, Josu Garate, Ander Larrañaga, Iñaki Markinez, Imanol Miranda, Jon Olaizola, Eneko Osa, Lander Sanjuan, Ander Uranga eta Xabier Uzin. Talde honek zuzendari berriak izango ditu: Jon Arruti eta Beñat Mendia. Azken horrek, aurreko denboraldian afizionatuetan jardun zuen lehian, baina urrian korritzeari utzi egin zion. "Talde bat zuzentzea esperientzia berria da. Talde dezente handia daukagu eta ea presentzia pixka bat izatea lortzen dugun lasterketetan", zioen Mendiak taldearen aurkezpenean.

Kadete mailako taldeak larunbat arratsaldean dute denboraldiko lehen lasterketa, Beasainen. Azpeitian, berriz, hilaren 16an izango dute lasterketa. Azpeitia XXX. Proba 16:00etan hasiko da, herriko plazan.

**Jubeniletan talde txikia**

Lagun Onakeko jubenilen taldea denboraldi hasi berrian txikiagoa da, bost txirrindulari besterik ez dira ariko: Jon Dominguez, Jon Korta, Josu Larrañaga, Joseba Solozabal eta Iker Zabala. Taldeak, baina, zuzendari beteranoak ditu: Jagoba Korta eta Gurutz Aldalur. Jubeniletako lehen urteko bakarra Solozabal da, gainontzekoak bigarren urtekoak dira. "Talde txikia daukagu, baina zerbait egiteko itxaropena badaukagu. Hasiera ez da erraza izango, bain adenboraldiak aurrera egin ahala martxa hartuko dugu", zioen taldearen aurkezpenean Gurutz Aldalurrek.

Aurreko denboraldian jubenilen taldean hamalau txirrindulari ibili ziren: horietatik zortzi afizionatuen mailara pasatu dira; bik bizikleta utzi egin dute; eta, gainontzekoak jubenil taldean segitzen dute.

Jubenil mailako Lagun Onakeko txirrindulariek ere larunbatean hasiko dute denboraldia. Osintxun dute lehen proba, larunbatean, goizez. Azpeitian San Jose egunean korrituko dute, hilaren 19an. XXIX. San Jose Proba Sari Nagusia, 16:00etan hasiko da, herriko plazan.

Julian Kortajarena Kirol zinegotziak zortea opatu zien bi taldeei. "Udalak ahal duen neurrian txirrindularitza laguntzen jarraituko du", agindu zuen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide