Azpeitiko emakume eta gizonen egoera ezagutzeko genero diagnostikoa egin berri da. Azken hilabeteetako lanak emaitzak eman ditu, genero diagnostiko zabal bezain sakona lortuz. Diagnostiko horrek, Azpeitiko egoera zein den argitzeko balio izan du, herriko esparru edota sektore ezberdinak aztertuz, eta aurrerantzean jorratuko diren lan-ildoen bidea izendatuz.
Esan bezala, diagnostikoak azalaratzen dituen datuak, kasu batzutan, aurreikusten genituen egoerak baieztatu dituzte, eta beste batzutan, berriz, egoera berriak edo kontutan hartu beharreko arlo berriak agertuarazi dizkigute. Denak garrantzitsuak izanik ere, egungo gizarte antolaketaren erruz sortzen diren desoreka eta desberdintasun mingarrienak ekiditeko neurrien artean pisu berezia hartzen dute ondorengoak:
- Aparteko garrantzia dauka emakumeen partaidetza politiko eta sozialean sakontzea, parekidetasunaren oinarriak sendotasunez eraikitzeko. Emakumeok gure herriko subjetu aktiboak bilakatu behar dugu, ezinbestekoa den hitza berreskuratu, eta erabaki prozesuen parte esanguratsua bihurtuz.
- Gure herriko ekonomian jokatzen dugun paperaren onarpena lortu behar dugu, eta, era berean, ukatzen zaizkigun sektoreetako sarbidea landu.
- Zer nolako herria nahi dugun azaldu behar dugu, bere diseinuan dituen hutsuneak identifikatuz, guztion beharretara egokitzen diren errekurtsoak lehenetsiz (errekurtso publikoak hobetu eta gehituz), espazio publiko zein pribatuen erabilera parekatuz...
- Gizarteratze programen eguneraketa eta egokitzapena landu behar dira, pobrezi eta baztertze arriskuan daudenen perfilak emakume izena baitu.
- Hezkuntza programen garapena bultzatzen jarraitu, gazte eta helduen heziketak etorkizuneko gizarte parekidearen oinarriak jartzeko garaian izan dezakeen garrantziaz jabetuz.
Baina ezinbesteko ahalegina egin behar dugu emakumeon aurkako indarkeriarekin amaitu nahi badugu. Arazo larria dugu gure herrian, edota Euskal Herri zein mundu zabalean. Seriotasunez heldu behar dugun kontua da. Udal Protokolo bat diseinatzea tresna lagungarria izango dugu bide horretan, herrian ditugun zerbitzuen egokitasuna aztertu eta behar-beharrezkoa den kontzientziazio lana burutu ahal izateko.
Parekidetasunaren bidea jorratzea lehentasunezko helburua dugu. Horregaitik, laister herritarren eskura izango dugun diagnostikoa ezagutzera gonbidatzen zaituztegu. Guztiok dugu zer esan eta proposatu honen inguruan.
Bestalde, martxoak 8an, Bilgune Feministak deitu duen kontzentrazioan parte hartzera animatzen zaituztegu. Feminismoa martxan, pausoak emanez ezkerrerantz.