Joan den osteguneko udalbatzarrean Emakumeen Eguneko adierazpen instituzionala onartu zuen Azpeitiko Udalbatzak, aho batez. Horrekin batera, martxoaren 8a dela-eta Bilgune Feministak antolatutako ekimenekin bat egin zuten, eta haietan parte-hartzera deitu zituzten herritarrak.
Gazteen parte-hartzeaz
Azpeitiko udal agintariek, berdintasunaren aldeko eta indarkeriaren aurkako tokiko politikak sendotzeko konpromisoa hartu zuten, "bereziki neska gazteei eta nerabeei begira", zehaztu zuten.
Herriko neska gazteen eta nerabeen parte-hartze aktiboa sustatzeko konpromisoa hartzea erabaki zuten udal agintariek, "onartzear dagoen Azpeitiko I. Berdintasunaren Planaren 2.4.1. ekintza garatzeko konpromisoa hartuz". 2.4.1. ekintzak honakoa esaten du: "Herriko neska gazteekin lana egin, beraien jabekuntza prozesurako baliabideak eskainiz eta elkartzeko erreferentziazko gune bat sortuz".