Mobilizazioak hasi dituzte Agifes-eko langileek

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 12a, 11:03

Azpeitiko Agifes zentroko langileen mobilizazioa, herenegun. (Mailo Oiarzabal)

Subrogazio klausula errespetatzeko eskatu diote beharginek Gizarte Politikarako diputatuari; ELA sindikatuak deitu du protesta

Buruko gaixotasuna dutenak zaintzeko zentroko langileek egin zuten elkarretaratzea herenegun

Buruko gaixotasuna dutenen eta haien senitartekoen Gipuzkoako elkarteko (Agifes) Azpeitiko zentroko langileek elkarretaratzea egin zuten herenegun. Zerbitzuen leku aldatzea dela-eta, "enpresaren jarrerak sortu dituen arazoen" aurrean kontrako jarrera azaldu zuten.

EAE Euskal Autonomi Erkidegoan, azpikontratatutako sektore guztietan subrogazio klausula indarrean jartzeko akordioa prest da. Horren arabera, zerbitzua bere gain hartzen duen enpresa berriak aurretik zeuden langileak kontratatu behar ditu. ELA sindikatuak salatu duenez, subrogazio klausula hori aplikatuko ez den lehendabiziko zerbitzua da Azpeitiko Agifesena. "Azpikontratuen munduan, egonkoartasuna gutxienekoa da", dio ELAko arduradun IƱigo Zubeldiak. "Maite Etxanizi (Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatua) ez zaio gustatzen subrogazio hori eta, ondorioz, lehiaketa ateratzen denean aurreko langile guztiak zuzenean kaleratu egingo dituzte", dio.

Akordioa mantentzeko eskatu diote Aldundiari. "Otsailean egindako bileran baldintzak aldatzeko eskatu genion, eta datorren enpresari lehen dauden langileak hartzera behartzeko; oraindik ez digute erantzun eta azkenean salaketa publikoa egin dugu".

ELArentzat "onartezina" da EAEn administrazio guztietan aplikatzen den subrogazioa ez aplikatu eta emakumeen lanpostua "hankaz gora" jartzen duenagizarte politikako arduraduna izatea : "Emakumeen prekarietateaz eta bazterkeriaz asko hitz egiten da, eta hau da administrazio publikoetan emakumeen baldintzak hankaz gora jartzeko egiten den politikaren adibide zuzena". Bere horretan jarraituz gero, "neurri gogorragoak" hartuko dituztela aurreratu du ELAk. Bestalde, "aurrekari larria" dela diote. Izan ere, Azpeitiko kasuan hiru langile badira ere, hilabete barru Gipuzkoan egingo diren lau baldintza-orriek 200 langileri eragingo diete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide