Joxe Ramon Larrañagak irabazi du sokamuturreko argazki lehiaketa

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 13a, 18:03

Joxe Ramon Larrañaga gaur Betharrametan, atzean argazki irabazlea duela (irudi bertikala da irabazlea). 'Urola Kostako Hitza'

Gaur ireki dute XXX. Juan Antxieta lehiaketako erakusketa, Betharrametan

Denera 21 lagunek hartu dute parte, eta sokamuturrari buruzko 102 irudi aurkeztu dituzte

Aurtengo inauterietako sokamuturrari buruzko XXX. Juan Antxieta Argazki Lehiaketako irudi onena Joxe Ramon Larrañaga azpeitiarrarena izan da. Horren atzetik, bigarren, Juan Mari Amenabar Otola gelditu da. Inauterietako festa giroari buruzko Altzarte Saria ere Amenabarrek jasoko du.

Argazki lehiaketako sariak gaur banatu dituzte, 12:00etan, Betharrametan. Aldi berean, lehiaketako argazki erakusketa zabaldu dute Azpeitiko Argazki Elkartekoek.

Parte-hartzea gora

Lehiaketan 21 lagunek hartu dute parte, eta sokamuturrari buruzko 102 irudi aurkeztu dituzte. Inauterietako festa giroaz, berriz, 21 argazki jaso dituzte Azpeitiko Argazki Elkartean. Antolatzaileek azaldu dutenez, "gero eta argazkizale gehiagok hartzen du parte".

Lehiaketaren baitan, sokamuturraren arlokoan mila euro banatu dituzte saritan, eta Iñaki Joaristi Altzarte Sarian 150 euro eta oroigarria eman dute sari bezala.

Epaimahaia Julen Juaristi eta Iñigo Korta Azpeitiko Argazki Elkarteko kideek eta Imanol Elias 25 urtez sokamuturraren lehiaketa antolatzen jardundakoak osatu dute.

Bozkatzeko aukera

Gaur eguerdian zabaldu dute inauterietako sokamuturrari buruzko erakusketa, Betharrametan. Erakusketa hamabost egunetan egongo da zabalik. Ordutegi hau izango du: astegunetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan eta igandetan eta jaiegunetan, 12:00etatik 14:00etara.

Gainera, aurten erakusketa ikustera joaten direnek argazki onena iruditzen zaienaren aldeko botoa emateko aukera izango dute. "Erabaki ofizialaz aparte, erakusketako bisitarien argazki gustukoena zein den jakin nahi dugu", adierazi dute Arpeitiko Argazki Elkarteko kideek. Hori izan da lehen aldiz ikusleei botoa ematea aukeran uzteko arrazoia.

Bozka emateko, erakusketaren sarreran txartel bat jasoko dute bisitariek. Txartelean onena iruditzen zaien argazkiaren zenbakia jarri beharko dute, baita botoa ematen duenaren telefono zenbakia ere.

Bozketan parte hartzen dutenen artean tamaina handiko hamar argazki zozkatuko dituzte. Irabazleek aukeratuko dute zein argazki jaso nahi duten opari. Herritarren boto gehien jasotzen dituen argazkilariari, berriz, erakusketaren azken egunean oroigarria emango dio Azpeitiko Argazki Elkarteak.

XXX. Juan Antxieta argazki lehiaketa

-1. saria. Jose Ramon Larrañaga: 365 euro eta garaikurra.

-2. saria. Juan Mari Amenabar Otola: 235 euro eta garaikurra.

-3. saria. Alberto Beloki: 200 euro eta garaikurra.

-4. saria. Iñaki Etxenagusia: 120 euro.

-5. saria. Javier Ruiz de Larrinaga: 80 euro.

-Altzarte Saria. Juan Mari Amenabar Otola: 150 euro eta oroigarria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide