Xabat Manzisidor izan da aurten bederatzigarren aldiz antolatu duten Loiolako Biatloiko irabazlea. Beste inor baino bizkorrago, 43:10eko denboran egin zituen azpeitiarrak bizikletaz egin beharreko 10 eta lasterka egin beharreko 4 kilometroak. Bigarren postuan iritsi zen Abraham Olano txirrindulari anoetarra eta hirugarren, berriz, Ibon Oregi markinarra.
Lokatzetan "gustura"
Xabat Manzisidor sasoi betean agertu zen atzo Loiolara. Lasterkako bigarren itzulian aurreratu zuen Olano eta lehen postuan jarri zen. Lokatza ugari zegoela-eta "gustura" jardun zuela adierazi zuen lasterketa amaitzean.
Iaz biharren postuan iritsi zen azpeitiarra, eta orduan baino hiru minutu eta erdi gutxiagoan burutu zuen atzo lasterketa.
Olano, berriz, anaiari laguntzera etorri eta bigarren postuan amaitu zuen saioa. Ibilbidea "oso gogorra" iruditu zitzaiola, baina gustura jardun zuela esan zuen.
Ikusle ugari eta giro ederra
Hotzari aurre eginez ikusle ugari bildu zen Loiolan, eta lasterkariak animatuz giro ederra sortu zuten. Guztira 39 parte-hartzaile izan dira IX. San Jose Sari Nagusian; iaz 32 izan ziren. Antolatzaileak oso gustura agertu ziren iaz baino parte-hartzaile gehiago egoteaz gain, "Abraham Olano eta Joseba Albisu bezalako oso txirrindulariak egoteak prestigioa eman baitioa lasterketari".
Proba amaitu ostean, Loiolatxo elkartean salda, haragi eta txorizo egosia eta sagardoa eman zieten parte-hartzaile guztiei.
Lasterketa , ordea, Loiolako San Jose jaien hasiera besterik ez da, datorren asteburuan jai giroa izango baita nagusi bertan.
SAILKAPENA
- 1. Xabat Manzisidor (Azpeitia) 43:10.
- 2. Abraham Olano (Anoeta) 43:31.
- 3. Ibon Oregi (Markina) 43:47.