Hasierako urduritasunak galduta, pozik dago Asun Aizpuru (Azpeitia, 1959). Duela astebete bere lehen margo erakusketa inauguratu zuen Bergarako Nahikari tabernan, eta kritika onak baino ez ditu entzun orain arte. Akuarela teknikaz ekoitzitako hemezortzi koadro bildu ditu bere estreinaldian; azken lau urtetan landutakoaren lagin adierazgarria, hain zuzen ere. Erakusketa hilaren 28a bitartean bisitatu daiteke.
Antza denez, zuk esana da: "50 urte betetzean erakusketa bat egingo dut".
Bai, baina hori 46 urterekin esaten nuen, oso urruti ikusten nuelako. Lagun artean eta erdi brometan egindako adierazpenak izan ziren, egia esan.
Eta azkar etorri al da emandako hitza betetzeko garaia?
Oso azkar etorri da, bai. Zentzu guztietan, gainera. Nik pentsatzen nuen margolari gisa prestatuago egongo nintzela 50 urterekin, eta horrexegatik esaten nuen hori. Kontua da betidanik gustatu izan zaidala margogintza, baina duela urte batzu arte ez dut astirik izan. Hala, 46 urterekin hasi nintzen margotzen, Hondarribian, Jabier Sagarzazuren tailerrean.
Beraz, lau urte hauetan landutako makina bat koadro izango duzu. Erakusketarako aukeraketa bat egitea tokatuko zitzaizun, ezta?
Bai, halaxe da. Guztira, hemezortzi margolan paratu ditut Bergarako Nahikari tabernan; batzuk hasiera samarrekoak dira eta besteak, berriz, berriagoak. Azken finean, ni bila joan gabe sortu zait aukera. Aipatu tabernan erakusketak antolatzen dituzte, eta behin handik genbiltzala, nire lagunek margolaria nintzela esan zioten tabernako jabeari. Honek, jarraian, martxoan nire margoak erakusgai jarri nahiko al nituen galdetu zidan. Eta, baietz esan nion bete-betean.
Gutxi gorabehara, hartutako kopromisoak eta patuak bat egin dute zure kasuan.
Bat egin dute erabat. Nolabait esateko, segada ikaragarria izan da niretzako...
Baina, pozez egoteko modukoa.
Lau urte hauetan egin dudana jendaurrean aurkeztea pozgarria da, bai. Behin erakusketa inauguratuta, orain lasaiago nago. Egia esan, oso urduri ibili naiz erakusketa abian jarri baino egun batzuk lehenago.
Eta, jendeak zer moduz jaso du zure proposamen piktorikoa?
Lagun eta ezagun asko ezustean utzi dut. Antza denez, ez zekiten margotzen aritzen nintzenik, eta zur eta lur geratu dira pixka bat. Bestalde, taberna horretan hainbat erakusketa jartzen dutenez, margotzen aritzen den pertsona batek zera esan zidan: "Bazen garaia kategoriazko zerbait jartzekoa!". Egia esan, txundituta utzi ninduen. Erakusketaren inauguraziora agertu ziren beste bi gizonek (horietako bat margolari profesionala), era berean, nire lanetan kalitatezko hainbat gauza ikusi zutela esan zidaten.
Ez al zenuen halako lorerik espero?
Ez nuen ezertxo ere espero, inondik inora ere, eta benetan pozgarria izan da horrelako balorazioak jasotzea; lantzen ditudan margolanak erakustera animatu naiz, lotsa askorekin. Izan ere, hasieran ez dakizu ziur zure margoak erakusteko modukoak diren ala ez. Ondoren, jendeak esan dizkidan gauzak entzunda, pozik nago. Laino artean bezala nabil, eta ez zait iruditzen niri gertatzen ari zaidanik ere. Ez da beste munduko ezer, baina aurrera jarraitzera animatzen nauen pizgarri bat da.
Ia hogei margolan paratu dituzu. Zer-nolako lanak dira zureak?
Akuarela teknika erabiltzen dut eta, egia esan, ez du estilo jakinik. Hasieran pentsatzen nuen estilo propioa bilatu behar nuela, baina margotuz noan heinean, ez dudala estilorik izango eta agian ez dudala behar ere pentsatzen dut. Margotzen dudan bakoitzean gauza ezberdinak ateratzen zaizkit.
Abstraktu alderantz jotzen al duzu, bada?
Ez, margolan figuratiboak egiten ditut. Unean uneko umorearen arabera, margolan guztiz ezberdinak ateratzen zaizkit. Beraz, ateratzen zaidana izaten da. Hala ere, umore ona edo arrunta dudanean margotzen dut ondoen; umore txarra dudaneko koadroak egin ahala alboratu egiten ditut.
Eta, aurrera begira, zer asmo duzu, Bergaran jarri dituzun margoak Azpeitian ere erakustea?
Dudarik gabe, gustatuko litzaidake herrian erakustea, baina ez dakit nola egin, ezta nora jo ere. Horretarako lokal egokirik ere ez dago. Aukerarik baldin badut, erakutsiko nituzke. Izan ere, hasierako lotsak galdu ditut. Hala ere, norbere herrian erakustea beti da ezberdin.