Iñaki Etxarte atxilotzeko nazioarteko agindua eman du Eloy Velasco epaileak

Uztarria.eus 2010ko mar. 16a, 09:03

Kolonbiako presidentea hiltzen saiatu zelakoan auziperatu zuten joan den astean deportatu azpeitiarra

Orain, auziperatuak atxilotzeko nazioarteko agindua eman du Velasco epaileak

Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak beste urrats bat eman du joan den astean Kolonbiako presidentea hiltzen saiatzea leporatuta auziperatu zituen euskal herritarren kontra. Oraingoan, horiek atxilotzeko nazioarteko agindua eman baitu. Horien artean da Iñaki Etxarte deportatu azpeitiarra. Etxarterekin batera, Arturo Cubillas Montan, Iñaki Dominguez Atxalandabaso, Jose Mari Zaldua, Jose Angel Urtiaga Martinez eta Jose Migel Arragueta San Emeterioren kontrako atxilotze agindua eman du epaileak.

Sei euskal herritarrekin batera, FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako beste zazpi kide ere auziperatu ditu eta horiei ere atxilotze agindua ezarri die. Guztiei Alvaro Uribe Kolonbiako egungo presidentea eta Andres Pastrana presidente ohia hiltzen saiatu izana leporatzen die Velascok.

Auziperatuak atxilotzen badituzte, estradizioak hasteko izapideak eskatuko lituzke Velasco epaileak.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Ocaña I.ean (Espainia) dago preso, 530 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide