Xabier Gorrotxategi gailendu da Azpeitia Sarian

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 16a, 09:03

Zarauzko Galdiano Eraikuntzak taldeko txirrindulariak aurreneko postuak eginez hasi du denboraldia

Proban, 144 txirrindularik zuten izena emanda eta 105ek amaitu zuten lasterketa

Herenegun arratsaldean Kadete mailako txirrindularien XXX.Azpeitia Saria lasterketa jokatu zen, Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta. Zarauzko Galdiano Eraikuntzak taldeko Xabier Gorrotxategi helmugaratu zen aurrena. Ibilbidearen 48 kilometroak 01:14:10 denboran egin zituen.

Gorrotxategik ederki hasi du aurtengo denboraldia. Joan den astean Beasaingo Usurbe Proban bigarren postua eskuratu zuen, Ampo taldeko IƱaki Aldanondoren atzetik. Baina Azpeitiko proban Aldanondori aurrea hartu zion zarauztarrak eta baita hamabi segundoko aldea atera ere. Aldanondok Azpeitiko Saria bigarren bukatu zuen. Azpeitian, taldeka baita ere, Zarautz Kirol Elkarteko Galdiano Eraikuntzak izan zen irabazlea.

Proban, 144 txirrindularik zuten izena emanda eta 105ek bukatu zuten lasterketa. Lagun Onakeko Lan Mobel taldekoen artean aurrena Xabier Odriozola izan zen; hamargarren egin zuen.

Txirrindulari Kadeteek hurrengo proba Eibarren jokatuko dute, igandean.

Jubenilena, ostiralean

Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatuta Jubenil mailako San Jose txirrindulari lasterketa jokatuko dute ostiralean, Azpeitian. 16:00etan hasiko dute proba herriko plazatik, eta 86,5 kilometroko ibilbidea izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide