Garaipenari txapel usaina dario

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 16a, 09:03

Azpeitiko ordezkariak saio bukaeran; ezkerretik hasita, Oihana Agirre, Mireia Epelde eta Nerea Etxeberria. (Nerea Mujika)

Azpeitia Trindoor txapelketako finalean sartu da; Zarautz kanpoan geratu da eta larunbatean Azkoitia ariko da lehian

Momentuan, Markina eta Azpeitia dira finalistak, eta hirugarrena datorren larunbatean, hilaren 20an, jakingo da

Azpeitiak ez du hutsik egin eta Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia irratsaioak antolaturiko Herri Arteko Emakumezkoen Trindoor Txapelketako finalera sailkatu da, lehiaketako marka hautsiz. Aurretik ere kanporaketetako denbora onenaren jabe ziren azpeitiarrak, baina finalerdian hamar segundo hobetu zuten Oihana Agirrek, Mireia Epeldek eta Nerea Etxeberriak. Hiruek eman zuten euren onena eta, ondorioz, 13:48 denboran geratu zuten erlojua.

Faborito nagusia izanagatik ere, Tolosako eta Zarauzko hirukoteen aurka neurtu behar izan zituzten indarrak. Azpeitiarrek erakutsitako nagusitasunak, ordea, bigarren postuaren lehian utzi zituen beste bi herriak. Lehia estua izan zen, gainera. Izan ere, lauko finalera hiru finalerdietako irabazleak ez ezik, gainerako parte-hartzaileen artean denbora onena egiten duena sailkatzen da. Zarautz abiatu zen lehendabizi, eta 14:47 denbora egin zuen, kanporaketan egindako denbora 55 segundotan hobetuz. Zarauztarren erreferentzia aintzat hartuta, tolosarrak presio dezenterekin ekin zioten euren lanari. Estu ibili arren, azkenean 4 segundoko aldea atera zien aurkariei.

Mementoz, Markina eta Azpeitia dira finalera sailkatu direnak. Datorren larunbatean, hilaren 20an, Gernika eta Azkoitia ariko dira aurrez aurre, hirugarren finalista erabakitzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide