Izan ziren eta diren trikitilariei eskainitako eguna

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 16a, 09:03

Sanjosetako Trikiti Jaialdian omendutako trikitilariak eta senitartekoak. (Ihintza Agirretxe)

Sanjosetako Trikitilari Jaialdian herriko 36 musikari omendu dituzte

Antonio Aranaga 'Auntxa'-ren etxean oroigarria jarri dute

Azpeitiko trikitiaren eta trikitilarien protagonismoa nabarmendu zuten herenegun. Eguerdian, Antonio Aranaga Auntxa soinu-jotzailearen jaiotetxean, Urrestillan, oroigarria jarri zuten Udaleko ordezkariek. Auntxa bizi izan balitz aurten ehun urte beteko zituela-eta hartu du Udalak oroigarria jartzeko erabakia. Igande eguerdian, hainbat trikitilarik kalejira egin zuen eta ondoren Auntxanekoan oroigarria agertarazi zuen Maria Aldalur Auntxaren alargunak. Auntxaren senitartekoek ere pieza batzuk jo zituzten han.

Igande arratsaldean, berriz, Sanjosetako Trikiti jaialdia izan zen Izarraitz pilotalekuan. Herrian, aurten, Azpeitiak herri-gutuna jaso zueneko 700. urteurreneko ekitaldiak egiten ari dira, eta horren baitan egin dute trikiti jaialdia ere. Hala, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak datu bilketa egin du, eta hori oinarri hartuta, Azpeitiko 36 trikitilari omendu zituzten herenegun. Sakabi, Napar Txikia, Auntxatarrak, Otola, Mendizabal, Laxaro Mendizabal, Motto, Anguetxeberri, Sahatseta, Garate, bi Mendibilekoak, lau Arbekoak, Kanpaxkua, Mendizabal, Barrenola, Murgil, Atxabaleta, Larre, Zabaletxe, Gazte, Oiarzabal, Pildain, Iturbidetarrak, Nartxabal, Berastegi, Boni Garin, Endaizpe eta Etxeberritxo izan ziren jaialdian omenduak. Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen arabera, "zinerei eta direnei" trikitian jarritako grina aitortu nahi izan diete. Izandakoen berri irudien bidez izan zuten jaialdirako joandako trikitizaleek. Oraindik ere badiren batzuk, berriz, ekitaldian bertan hartu zuten parte.

Pilotalekuko trikiti jaialdian 700 ikusentzule izan ziren. "Guk balorazio baikorra egin dugu jaialdiaz. Izan ere, trikitizaleak sanjosetako jaialdiaren zain egoten dira, eta ondo erantzuten dute", esan du Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko Maider Jauregik.

Trikiti doinuekin batera, kitarra eta perkusioa ere izan ziren Izarraitz pilotalekuko jaialdian. Auntxatarrak izan ziren aurrenak oholtza gainean: IƱaki, Amalur eta Aiora Aranaga eta Axier Olaizola. Ondoren, Azpeitiko Kitarra taldekoek jardun zuten Iban Lertxundi soinu-jotzailearekin.

Otolatarrak izan ziren oholtzara igotzen hirugarrenak. Otolaren baltsa piezarekin ekin zioten jardunari. Horrek jendea hunkitu ere egin zuen.

Beteranoak ere oholtzan

Tritikilari beteranoak ere izan ziren jaialdian. Nicolas Eizagirre Sahatseta, Joakin Sudupe Egurrola, Juan Ezenarro Berastegi eta Inaxio Bastida Etxeberritxo elkarrekin aritu ziren. Sahatsetak aspaldiko partez jardun zuen oholtza gainean soinua-jotzen eta Etxeberritxoren panderoa jotzeko era bereziak ikusentzuleen txaloak eragin zituen. Horien atzetik, barrenolatarren txanda izan zen. Miren Azkuek ehun urte baino gehiagoko aitonaren soinu zaharrarekin jo zuen.

Jaialdiko azken doinua Juan Antxieta Musika Eskolako eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolako trikiti eskolako ikasleek jo zuten.; bereziki jaialdirako prestatutako doinua, hain juxtu. Bukatzeko, omendutako 36 trikitilariek eta familiartekoek pergamino bana jaso zuten Euskal Herriko Trikitixa Elkarteareneta Azpeitiko Udalaren eskutik.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kide Josu Arrizabalaga Izer-en arabera, une hunkigarriak izan ziren jaialdian: "Hildakoen argazkiak-eta agertzen zirenean eta garai bateko kontuak gogora ekarri zirenean jendea hunkitu egiten zen... Jaialdiaren asmoa trikitilariei aitorpena egitea izan da".

Bildutako 200 argazki inguru eman zituzten jaialdian. Orain bilduma Trikitixa Elkarteak du jasota. "Nahiko azkar eta presaka egindako lana izan da, baina bilduma polita gelditu da. Horrek beste lan bat argitaratzeko balioko duen ikusteko dago", esan du Izerrek.

Aurtengo Sanjosetako Trikiti Jaialdia Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Azpeitiko Udalarekin batera antolatu duen laugarrena izan da. Izan ere, aurretik EITBrekin antolatzen zuten trikiti ekitaldia. "Lau urte hauetan emaitza polita izan du jaialdiak eta trikitizaleek gogo handiarekin hartzen dute", azaldu du Izerrek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide