Loiolako sanjosetan antzerki emanaldia antolatu dute

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 17a, 09:03

Antzezlana 12:00ak aldera hasiko da

Antzerkiaren ondoren asto lasterketa egingo dute

Loiolako San Jose festak berrikuntza eta guzti datoz aurten. Ostiralean, eguerdi partean, zezen txikien eta ponien ondoren, kale antzerki emanaldia izango da Loiolan. 12:00ak inguruan hasiko dute Tabernan antzezlana. "Zerbait berezia antolatzeko asmoz jarri dugu antzerki emanaldia jaietako egitarauan. Ikusiko dugu nolako harrera duen jendearen aldetik", diote Loiolatxo Elkarteko Festa Batzordeko kideek.

Antzerki emanaldiaren atzetik asto lasterketa hasiko da Loiolan. Tradizio handia du lasterketak Loiolako sanjosetan, eta eguraldiak laguntzen duenetan jendetza biltzen da. Iaz, sei astok hartu zuten parte, seirak Loiolakoak. "Bertakoek, auzokoek, hartu ohi dute parte asto lasterketan. Baina, aurten kanpokoren batek ere jardun du udaletxean San Jose eguneko asto lasterketaz galdezka, eta akaso kanpokoren bat ere izango da". Asto lasterketan parte hartzeko izena egunean bertan Loiolan eman behar izaten da. Parte-hartzaile guztientzako izaten dituzte sariak Loiolan. Azken bi urteetan Aitzol Arregik irabazi du. Iaz, sei asto lehiatu ziren.

Ostiral arratsaldean, berriz, 17:30etik aurrera herri kiroletako erakustaldia izango da Loiolan "Punta-puntako kirolariak ekarriko ditugu aurten", diote Loiolako Festa Batzordekoek. Harri jasotzen Goenatxo II.a eta Aimar Irigoien ariko dira santutegi aurreko plazan. Aizkoran, berriz, Nazabal eta Larretxea. Egurrola aita-semeak ariko dira Loiolan San Jose eguna girotzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide