Bertsolaritzari buruzko mahai-ingurua izango da

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 17a, 11:03

Gaur, 19:30ean Enparan Dorretxean izango da hitzordua, Erniarraitz Elkartearen X. urteurrenaren harira

Joxin Iturriotz, Imanol Lazkano eta Jokin Uranga ariko dira hizketan

Erniarraitz Bertsozale Elkartearen hamargarren urteurrena dela-eta, gaur arratsaldean bertsolaritzaren inguruko mahai-ingurua izango da Enparan Dorretxean, 19:30etik aurrera.

Ekitaldian Erniarritzen X. urteurreneko bideoa eskainiko dute, Azpeitiko, Azkoitiko eta Errezilgo bertsozaleak biltzen dituen elkartearen ibilbidea irudietan laburbiltzeko.

Herritarrekin elkarrizketa

Urola bailarako bertsolaritzari buruz ariko dira. Hiru hizlari izango dira bertan. Lehenik eta behin, Joxin Iturriotz, Urola bailarako bertsolaritzaren aztertzailea, ezagutzen den historian bertsolaritzak utzi dituen arrastoei buruz ariko da.

Ondoren, Imanol Lazkano bertsolariak 1960 eta 2000 urte arteko bertsolaritza biziaz jardungo du. Azkenik, Jokin Uranga bertsolaria bertsolaritzaren gaurko errealitateaz eta etorkizunera begira bertsozaleek dituzten erronkei buruz ariko da.

Mahai-ingurua izanik, herritarrekin elkarrizketa sortzea da helburua, hiru hizlariek proposatutako gaien gainean hitz egitea eta eztabaidatzea. Moderatzaile lanetan Josu Azpillaga ariko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide