Iraurgi Ikastetxea ACBko Eskolarteko final nagusira sailkatu da

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 20a, 13:03

Iraurgi Ikastetxea taldea atzo, Azpeitiko kiroldegian. (Urola Kostako Hitza)

Ipar Faseko finala irabazi zuen atzo, Azpeitian; Gasteizko Ekialde ikastetxea eta Bilboko Jesuitak ikastetxea izan zituen kontrario

Final nagusia apirilaren 16an, 17an eta 18an jokatuko dute; oraindik ez dakite non

Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeko mutilen taldeak ACBko Eskolarteko Saskibaloi Txapelketako Ipar Faseko finala irabazi du eta, hala, final nagusia jokatuko du.

Atzo aurkariak Gasteizko Ekialde ikastetxea eta Bilboko Jesuitak ikastetxea izan zituen, Azpeitiko kiroldegian. Azken partida 19 puntuko aldearekin irabazi behar zuten azpeitiarrek finala irabazteko. Azken minutuan alde hori aterata jokatzen ari ziren, baina minutu bat falta zela hirukoa sartu zuten aurkariek eta 16 puntuko aldearekin gelditu ziren Iraurgi Ikastetxekoak. Baina gero saskiratze bat eta beste puntu bat sartzea lortu eta justu 19ko aldearekin irabazi zuten.

ACBko Eskolarteko Txapelketako final nagusia apirilaren 16an, 17an eta 18an jokatuko dute Iraurgi Ikastetxekoek. Baina oraindik ez dakite non. "Oraindik erabaki gabe dago finala non jokatuko den; Badalonan, Malagan edo Madrilen izango da", diote.

ACBko Eskolarteko Txapelketako arduradunak harrituta zeuden atzo Azpeitian, Iraurgi Ikastetxeko mutilen taldeko entrenatzaile Joseba Lizarraldek dioenez: "800 ikusle bildu ziren kiroldegiko harmailetan eta txapelketaren antolatzaileak harrituta gelditu ziren nolako giroa sortu zen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide