Loiolako asto lasterketako txapelduna Unai Altuna aizarnazabaldarra izan da

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 22a, 10:03

Ostiralean egin zen asto lasterketako une bat. (Nerea Uranga)

Ostiralean, Loiolan San Jose eguna ospatu zuten, eta urtero bezala, jendetsuak izan ziren ekitaldi guzti-guztiak

Asto lasterketaz gain, antzerkia eta herri kirol jaialdia izan ziren

Sanjosetako ekitaldietan Loiolako santutegiko atariak jendez beteta izan ziren ostiralean. Aurtengo asto lasterketan Unai Altuna Aizarnazabalgo Altuna baserrikoa izan da irabazlea.

Aurrena, haurrentzako zezen txikiak eta poniak ibili ziren. Ondoren, kale antzerkia izan zen; Tabernan antzezlana ikusteko aukera izan zen, zehazki. Aurten, aurreneko aldiz antolatu dute antzerki emanaldia eta jendeak ez du hutsik egin. Antzezlanean malabarrak eta akrobaziak ikusteko aukera egon zen. Antzerki ikuskizuna bukatu eta asto lasterketa hasi zen Loiolan.

Bost asto lasterketan

Bost parte-hartzaile izan zire atzo asto lasterketan: Aitor eta Unai Agirrezabal anaiak, Aitzol Arregi eta Jagoba Egiguren loiolatarrak eta Unai Altuna aizarnazabaldarra. Loiolatarrek atera zituzten asto guztiak Jose Mari Arregirenak izan ziren. Gainera, aurten parte-hartzaile berri bat ere izan da loiolatarren artean, Egigurenek aurreneko aldiz hartu baitu parte lasterketan.

Azken urteetan loiolatarrak bakarrik lehiatu izan dira sanjosetako asto lasterketan, baina aurten kanpotar bat batu zaie. Gainera, kanpotik etorri eta lasterketa irabazi du. Hasiera-hasieratik aurrea hartuta ibili zen Altuna. Berez, ibilbideari lau itzuli egin behar zizkioten asto gainean, eta laugarren itzulian egindako postua hartu zuten kontuan sailkapena erabakitzeko orduan. Baina lau itzuliak azkar egin zituzten eta ikusleen gozamenerako beste batzuk ere eman zituzten.

Altunak azkenaldian eskualdean egin diren asto lasterketak irabazi ditu. Loiolakoaren aurretik, Azkoitiko Baztarrikaldeko festetako asto lasterketa irabazi zuen, hain justu.

Arratsaldean, herri kirolak

Herri kiroletako jaialdiaren faltarik ere ez da izaten Loiolako sanjosetan. Atzo arratsaldean harri-jasotzaileen eta aizkolarien jaialdia izan zen. Eguerdian bezalaxe, arratsaldean ere eguraldia lagun izan zuten loiolatarrek.

Jaialdia iragarrita baino ordu erdi beranduago hasi zen, Donato Larretxea aizkolariak bidean arazoak izan zituelako. Berandu baina iritsi zen jaialdira. Aizkoran, Larretxeaz gainera, Floren Nazabalek jardun zuen santutegiaren atarian. Harri jasotzen, berriz, Juan Joxe Unanue Goenatxo II.-a azkoitiarrak eta Aimar Irigoien errezildarrak jardun zuten.

Herri kirol jaialdia ikusten ere jende asko izan zen Loiolan. Festak antolatzeko dirua izateko bizikleta bat ere zozkatu zuten han.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide