Preso eta iheslari politikoen senideek manifestazioa deitu dute hilaren 26rako

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 22a, 10:03

Hilaren 26rako manifestazioa deitzeko egin zuten agerraldia.

Euskal preso politikoen aurkako espetxe politika "baztertzailea" salatzeko deitu dute mobilizazioa

Manifestazioa datorren ostiralean egingo dute, 19:00etan hasita

Espainiako eta Frantziako gobernuk euskal preso politikoen aurka egiten ari diren "espetxe politika berezia eta baztertzailea" salatzeko manifestazioa deitu dute hilaren 26rako; 19:00etan hasiko dute, herriko plazatik. Mobilizaziorako deia Azpeitiko presoen eta iheslarien senideek, preso ohiek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kideek egin zuten joan den ostegunean, agerraldi baten bidez.

Adierazi dutenez, bi gobernuak preso politikoen aurkako espetxe politika "estutu eta estutu" ari dira, "Euskal Preso Politikoen Kolektiboa suntsitu nahi dute, ondo baitakite Euskal Herrian konpondu gabeko gatazka politikoaren ispilu zuzena direla. Eta horretarako, eskura dituzte tresna zapaltzaile guztiak erabiltzen dituzte". Horrez gainera, egoera larrian dauden presoen "berehalako askatasuna" eskatu dute.

Azpeitiako presoen kontrako erasoak ere ekarri dituzte gogora. Xabier Etxeberria presoak moduluz aldatu zuten batean, espetxe funtzionarioen aldetik herio mehatxuak jaso zituela salatu dute. "Sakabanaketak presoen babesgabetasuna eta funtzionarioen zigorgabetasuna areagotu egiten ditu", esan dute.

Azken hilabeteotan, ehunka senide aurrez aurreko bisitarik gabe gelditu dela ere ekarri dute gogora. "Miaketen bidez egindako umiliazio saioak tarteko, bisitak galdu dituzte senideek", diote.

"Egoera jasangaitz" horri aurre egiteko presoak borrokan ari direla azaldu dute. Azpeitiko presoen artean, hil honetan, Iker Iparragirre eta Joseba Segurola dira espetxe-borrokan ari direnak.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide