Joan den otsailaren 27an lehen gaueko argazki rallya, Gautxori Argazki Rallya, antolatu zuen Azpeitiko Argazki Elkarteak. Lehiaketa berri horretako irabazlea Julen Juaristi Azpeitian bizi den azkoitiarra izan da, 92 puntu lortu ondoren.
Argazki Elkartearen gaueko argazki rallyan 31 argazkilarik hartu zuten parte. "Bilbokoak, Barakaldokoak, Zarauzkoak, Zumaiakoak, Oriokoak, Donostiakoak, Errenteriakoak eta Azpeitikoak izan ziren rallyko parte-hartzaileak", esan dute Azpeitiko Argazki Elkartekoek. Aurrez 49 argazkilarik zuten izena emanda, baina egun horretarako iragarrita zegoen haizetea tarteko, hamazortzik atzera egin zuten.
Rallyan, honako gaien inguruko argazkiak atera behar izan zituzten parte-hartzaileek: ibai gaineko zubia; naturaren indarra; herri kirolak (egun horretan Urrezko Aizkorako finala jokatzen ari ziren Izarraitz pilotalekuan, argazkilariak kalean zebiltzanean); eguraldi txarrari aurpegi ona (giroa, umorea...); eta arkitektura.
Hilaren 13an bildu zen argazki rallyko epaimahaia eta jasotako argazki onenak aukeratu zituzten. Luis Llavori, Peio Romatet eta Aitor Juaristi izan ziren epaileak.
Lehen Gautxori Argazki Rallyko parte-hartzaileen argazki guztien proiekzioa larunbatean izango da, 19:00etan, Baigerako aretoan. Sariak ere bertan banatuko dituzte.
- GAUTXORI RALLYKO IRABAZLEAK
- 1. Saria: Julen Juaristi (Azpeitian bizi den azkoitiarra).
- 2. Saria: Asier Martinez (Barakaldo).
- 3. Saria: Txema Fernandez (Zarautz).