Zuzenien lasterketa Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopako probetako bat da

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 24a, 10:03

Lagun Onak Mendi Bazkunakoak gustura daude, aurten Txindoki igoera bertikalen zirkuitura gehitu delako

Aurtengo lasterketa uztailaren 4an izango da

Zuzenien mendi lasterketa bertikala Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopako probetako bat izango da aurten. Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatzen du, eta aurten lasterketa uztailaren 4an izango da. Zuzenien probaren antolatzaileek hala azaldu dute: "Aurreko urtean mendi lasterketa bertikalen zirkuitua antolatzeko apustua egin genuen. Aurten, berriz, beste apustu bat egin dugu; batetik, Txindokiko proba gehituko da zirkuitura, eta bestetik, Euskal Mendi Federazioaren laguntzarekin, aurten Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopa antolatuko dugu".

Azpeitiko lasterketa Kopako hirugarren proba izango da, Anbotokoa eta Txindokikoaren ondoren. Lagun Onak Mendi Bazkunakoak gustura daude Txindokiko proba batu mendi lasterketa bertikalen zirkuituari gehitu diotelako. "Harro egoteko modukoa da Txindokiko proba ere zirkuituaren baitan izatea, Txindoki baita Euskal Herriak duen mendirik erakargarrienetako bat. Iaz egindako lana ez zela alferrikakoa izan erakusten du horrek, eta igoera bertikalak jendearen artean errotzen ari direla", esan dute Zuzenien lasterketaren antolatzaileek.

Zuzenien mendi lasterketa bertikala iaz antolatu zuten aurreneko aldiz. Uztailaren 26an egin zuten, eta 97 lagunek hartu zuten parte. Aurten ere uztailean antolatuko dute, baina hil hasieran, uztailaren 4an, hain zuzen ere. Azpeitiko probaren berezitasuna "bertikaltasuna" dela azaldu dute antolatzaileek. Zuzenien proba, iaz bezalaxe, Ezkerretegi baserrian hasiko da eta Xoxoteko San Inazioren irudian izango du helmuga.

Jendeak ibilbidea ezagutu nahiko balu, proba baino hilabete aurretik markatuko dutela azaldu dute mendi lasterketa bertikalaren arduradunek.

Mendi lasterketa maiatzean

Bi urtetik behin Lagun Onak Mendi Bazkunak Izarraizko Mendi Lasterketa antolatu ohi du. Aurten, beraz, hori antolatzeko ardura ere badu. VI. Izarraizko Mendi Lasterketa maiatzaren 9an izango da. Proba horretarako izena emateko epea, berriz, apirilaren 6tik maiatzaren 4ra bitartean izango da. Izena www.lagunonakmb.org webgunean emateko aukera jarriko dute mendizaleek.

Euskal Herriko Igoera Bertikalen Kopako Probak

  • III. Anbotoko Kilometro Bertikala (Atxondo, Bizkaia). Maiatzaren 8an, 15:00etan. 3,8 kilometroko ibilbidea. Webgunea: www.brinean.com.
  • I. Txindoki Bertikala (Abaltzisketa, Gipuzkoa). Ekainaren 19an. 3,88 kilometroko ibilbidea, 10:00etan. Webgunea: www.abaltzisketa.net.
  • II. Zuzenien (Azpeitia).Uztailaren 4an, 10:00etan. 2,8 kilometroko ibilbidea. Web orria: www.lagunonakmb.org.
  • II. Uharte Arakil- Beriain Kilometro Bertikala (Uharte Arakil, Nafarroa). Irailaren 20an, 10:00etan. 4,8 kilometroko ibilbidea. Web orria: www.uhartearakilberiain.com.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide