Noticias taldearen esku gelditu da Herri Irratia

Berria.info, uztarria.com 2010ko mar. 24a, 16:03

Gaur sinatu dute akordioa jesuitek eta jabe berriek

Onda Vascaren parte izango da irratia aurrerantzean

Noticias taldearen esku geratu da Herri Irratia-Loyola Media, eta hau aurrerantzean Onda Vascaren parte izango da. Gaur sinatu dute akordioa jesuitek eta jabe berriek, arratsaldean Herri Irratiko langileekin bilera egingo dute eta bihar jakinaraziko dituzte operazioaren gorabeherak, prentsa agiri baten bitartez. Herri Irratiaren jarraipena izan da operazioaren helburua, Berria-ri irratiko iturriek gaur adierazi diotenez.

Noticias taldeak iazko udazkenean jarri zuen martxan Onda Vasca irratia, Bilbon. Orain, aipatutako operazioarekin, Gipuzkoako uhinetan zabaltzeko aurrerapauso garrantzitsua eman du.

Onda Vascaz gain, lau egunkari ditu Noticias taldeak: Noticias de Navarra, Noticias de Gipuzkoa, Noticias de Alava eta Deia.

Berria egunkariak abuztuan argitaratu zuen jesuitak, arazo ekonomikoek eraginda, Herri Irratia saltzea aztertzen ari zirela.

Herri Irratia 1961ean sortu zuten

Herri Irratiak ibilbide luzea du. 1961ean sortu zuten, eta hasiera haientzat hedabide garrantzitsua izan zen euskararentzat. Urteetan irratiaren zabalkundea Gipuzkoara mugatu zen —90eko hamarkadan une batez Cope Espainiako irrati kateari atxikita egon zen—. Baina 2003az geroztik, Herri Irratiko zuzendaritza aldatzearekin batera, egitasmo berriak jarri zituzten martxan. Alex Aranzabal izendatu zuten zuzendari kudeatzaile, eta helburu nagusi izan zuen Hego Euskal Herrira zabalduko zen egitasmo elebiduna martxan jartzea. Hala, pixkanaka sei eremutara zabaldu zuten Herri Irratia: Gasteizkoa 2003an sortu zuten, Bilbokoa 2004an, Eibarkoa 2007an eta 2008an Durangokoa.

Loiola Herri Irratiari buruz

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide