Mireia Epeldek gazi-gozo hasi du denboraldia

Urola Kostako Hitza 2010ko mar. 25a, 11:03

Asteburuan Frantzian izan da talde berriarekin, eta lasterketa ondo hasi bazuten ere, bukaeran huts egin zuten

Asteburu honetan, berriz, Italiara joango da Epelde bere taldearekin, Munduko Kopako lasterketa baitute bertan

Mireia Epelde azpeitiar txirrindulari profesionalak joan den asteburuan hasi du denboraldia. Gainera, talde berriarekin estreinatu du denboraldia, Lointek taldearekin. Frantzian izan dute lehen lasterketa, Cholet herrian. "Ondo hasi genuen lasterketa, baina azkeneko ihesaldian alde egin ziguten", esan du azpeitiarrak.

Lointek taldeko txirrindulariak lan ona egin duten sentsazioarekin itzuli dira Frantziatik, baina lasterketak bukaeran ihes egin zietela uste dute. Helmugarako bost kilometro falta zirenean bost txirrindularik ihes egitea lortu zuten eta Lointek taldekoek ez zuten lortu ihesaldi horretan parte hartzerik: "Ihesaldi guztietan adi egon ginen, azken bigarren mozketan ere sartu egin ginen, baina azkenekoan ihes egin ziguten eta bost segundoko aldea atera ziguten. Pena izan da". Hala ere, egindako gauza onen eta gaizki egindakoen kontuak aterako dituztela azaldu du Epeldek.

Asteburuan Italiara joango da Epelde bere taldearekin, igandean Munduko Kopako lasterketa baitute. Lasterketa horretan zeresan gutxi izango dutela dio azpeitiarrak, "ipurdia estutu eta sufritu, besterik ezingo dugu egin. Hala ere, ahal dugun guztia egiten saiatuko gara".

Apirilean Frantziako Kopako lasterketak korrituko ditu Lointek taldeak. Maiatzean, berriz, Euskal Herriko Txirrindularitza Txapelketako lasterketak izango dituzte. "Orduan, astebururo lasterketak izango ditugu, eta horiek guretzako oso garrantzitsuak dira", azaldu du azpeitiarrak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide