Azpeitiko T3. zineklub taldeak joan den urteko euskal film laburren uzta dastatzeko aukera emango du gaur gauean, 21:30ean hasita, Betharran aretoan. 2009ko Kimuak programaren baitan hautatutako zortzi ikus-entzunezko botako dituzte, bata bestearen atzetik: Oriana Alcaine eta Alejandra Marquezen 5 recuerdos; Koldo Almandozen Ahate pasa; Telmo Esnalen Amona putz!; Iban del Camporen Dirty Martini; Anartz Zuazuaren El nunca lo haria; David Gonzalez Rudiezen Los que lloran solos; Nacho Vigalondoren Marisa; eta Jorge Riveroren La presa*. Aurkeztu zituztenetik herriz herri bidaiatzen ari dira aipatu ekoizpenak, aretoz areto, eta oraingoan Azpeitian izango du geltokia.
"Zineklubari duela hiruzpalau urte heldu genion, eta hasiera-hasieratik Kimuak programako film laburrak eman ditugu", adierazi du Azpeitiko T3. zineklub taldeko kide Inhintza Agirretxek: "Aukera ezberdinak eskaintzea gustatzen zaigu. Kasu honetan bertako egileek egindako lanak erakutsiko ditugu, horiei ere tartetxo bat eman nahian; izan ere, egile horien film laburrak askotan ez dira jende askorengana iristen. Azken finean, aukera hori eskaintzea ere gustatzen zaigu".
Denetarik ikusgai
Film labur bakoitza mundu bat da. Bakoitzak bere abiapuntua, mamia eta amaiera du, edozein istoriok bezalaxe, baina minutu gutxitan eta modu kontzentratuan kontatuta. Bonboi bat bailitzan, hain justu ere. Eta Kimuak programa eusko labela duen askotariko bonboi kaxa litzateke. Ekoizpen guztiak laburrak dira, baina elkarren artean oso diferenteak. "Bat gustatzen ez baldin bazaizu, hurrengoa gustatuko zaizu. Genero oso ezberdinak topa daitezke ekoizpen batetik bestera: dokumentalak, fikzioak, animazioak... Labur-labur denetariko aukera ematen duenez, emanaldi oso eramangarria egiten da", nabarmendu du zineklubeko kideak.
Denboraldi amaiera
Azpeitiko T3. zineklub taldeak apirila inguruan ematen dio bukaera denboraldiari, eta Kimuak programako film laburren emanaldiak data horrekin bat egiten du gutxi gorabehera urtero-urtero. Baina "baita Kimuak zirkuitua urte hasieran aurkezten dutelako ere". Zineklubak antolatzen dituen film emanaldi guztiak bezala, gaur gaueko ekitaldia ere dohainik izango dela azaldu Agirretxek.