1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Komando Autonomo Anti-Kapitalistetako lau kide hil zituen segada batean, ustez Espainiako Poliziak: Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu iruindarrak eta Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak.
Han gertatu zena argitzeko eskatzeko bihar, larunbata, omenaldi eta aldarrikapen eguna egingo da Azpeitian. Pasaiko Sarraskia Argitu taldeak urteroko moduan, hainbat ekimen antolatu ditu.
Aldarrikapenei hasiera emateko manifestazioa egingo dute 12:30ean. 14:30ak aldera, bazkaria izango da Berdura Plazan. Eta eguna bukatzeko, kontzertuak izango dira Gaztetxean, 22:00etan hasita.
Biharko ekimenak elkarte eta erakunde hauen atxikimendua jaso du: EHNE, LAB, ELA, Ezker Abertzalea, EA, Aralar, Bildune Feminista, Gazte Asanblada, Gazte Independentistak, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Bertan Merkatari Elkartea, TA3. Zineklub Taldea, Orkatz Kultur Elkartea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea eta Kitarra Elkartea
Legez kanpo uzteko eskaera
Dignidad y Justicia elkarteak bihar Azpeitian egingo diren ekimenak bertan behera uzteko eskaria egin dio Audientzia Nazionalari.