Dignidad y Justicia elkarteak Pasaiako segada salatzeko Azpeitiko gaurko manifestazioa debekatzeko eskaera aintzat hartu du gaur Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta Ertzaintzak agindu hori beteta galarazi egin du eguerdian manifestazioa.
Protesta ekimenean "delituak" egin zitezkeela iritzi dio epaileak eta, hala, "terrorismoa goratuko" zuketela. "Bake soziala ez haustearren" hartu du erabakia Morenok, autoan dioenez.
Pasaiako Sarraskia Argitu taldeak deitu zuen ekimena, 12:30erako, baina ordurako hainbat eta hainbat ertzain zeuden eskopetekin plazan. Pankarta zabalduz gero edota manifestazioa abiatuz gero, kargatu egingo zutela ohartarazi diete antolatzaileei. Plazan bildutakoak grabatzen jardun dute, bide batez.
Aldiz, bazkaria (14:30, Azoka Plaza) eta kontzertuak (22:00, Gaztetxea) ez debekatzea erabaki du epaileak.
Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen: Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrak eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Izura Pelu iruñearrak. Kasuak Justizian argitu gabe segitzen du.
Hemen Pasaiako segadaren 20. urteurrenean Pako Aristik Uztarria herri aldizkarian egindako kronika.
Hemen Xabier Euzkitzek aurreko igandean idatzitako 113 balazulo artikulua.
Hemen Pasaiako iazko debekuko bideoa.