Ez zen izan erraza atzo Ramon Etxezarretarekin hitz egitea. Gehienetan telefonoa okupatua zuen. Hala ere, BERRIAren galderei erantzuteko beta hartu zuen azpeitiarrak. Posta elektronikoz erantzun zien galderei. Haren hitzek iradokitzen dute politika utzi duela. Etxera doala, "duintasunez bizitzera, euskararekin bizitzera".
"Ezin izan dut". Hitz horiexek erabili dituzu agur esateko. Zer esan nahi duzu horrekin?
Esan dudana, ez besterik. Ez dut saileko zuzendaritzan neure burua behar bezala errotu, eta horrek indarrik gabe, pozik gabe eta kemenik gabe utzi nau. Horrela, neure buruarengandik hasita, ez nion egiten mesederik inori, ez herritarrei, ez hizkuntzari, ez ezeri. Euskararen aldeko ahaleginak jende adoretsuagoa eta bizkorragoa behar du.
Sailburuordetzan gero eta etxekoago sentitzen hasi zinen unean utzi duzu kargua. Desadostasunak izan dituzu alderdiarekin, sailburuarekin edota zuzendariren batekin? Hala izan bada, zer-nolako desadostasunak?
Hasieran langileekiko mesfidantzak izan nituen, eta orain hasia nintzen mesfidantza horiek gainditzen, denak balekoak direla sentitzen. Eta hurbiltzen ari ginen, beldurrak galtzen. Baina Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza Kultura Sailean dago, eta sail horretako zuzendaritza ez da nire estilokoa. Pertsonalki harreman ona izan dut, baina kosta egin zait talde dinamika horretan aritzea. Oso jende ona da, beste edozein sailetan aritzeko modukoa. Aldiz, ni ez. Nik ez dut hainbeste balio, kultura edo euskaratik kanpo ez dut ikusten neure burua. Desadostasunak? Neure buruarekin izan ditut handienak.
Zazpi eguneko tartean bi pertsonak utzi duzue Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza. Kasualitatea da, edo desadostasunen ispilu?
Kasualitate hutsa.
Bederatzi hilabete egin dituzu karguan. Ze balantze egiten duzu?
Zalantzarik gabe, porrot pertsonala izan da hau, eta porrota ezin nezakeen gehiago luzatu, inori kalterik egin gabe. Hala ere, gobernu honen iraupen egun bakoitza, gauzak gaizki eginda ere, arrakastatzat jo behar dira. Berea izan da arrakasta, eta euskal gizartearena. Lanak ondo egin dituenik, berriz, ez nuke esango. Hala ere esan behar da ere krisi ekonomiko egoeran euskalgintzan eragina duten eragileentzako iazko diru kopuru bera mantendu dugula. Beste inolako instituziok, ez udalek ez diputaziok ezin dezakete gauza bera esan. Hori hor dago, gustatu ala ez. Hala ere, gauza inportanteagoak egiteke geratu dira.
Zein izan da zure ahalegina?
Bakea, bakea. Euskarak bakeari egin diezaiokeen ekarpen ezinbestekoa, bake giroan euskarak izan dezakeen garra eta indarra, euskararen zibismoa eta herritartasuna; uste dut ez dudala ideia hori sailetik kanpo kutsatzen asmatu. Hala ere, helmugan bakea jartzen duen pankartara iristen ari nintzela erori naizela bizikletatik iruditzen zait. Iritsi egingo gara, ikusten dut.
Lortu dituzu legegintzaldi hasieran zehaztutako helburuak?
Nire lau urterako egitekoak bederatzi hilabetetan bukatu dira. Eginkizunak hor gelditzen dira eginkizun, lau urte edo gehiagorako.
Tarte honetan, zer nolako harremanak izan dituzu euskalgintzarekin?
Euskalgintza deitzen zaion horri galdetu beharko. Uste dut onak izan direla eta estuagoak izateko bidea egiten ari garela. Ez da inor etorriko hori puskatzera, lasai!
BERRIAri emandako elkarrizketan esaten zenuen PSE-EEk aukera historikoa duela euskararen munduek etxeko senti dezaten. Bide horretan ari zarete?
PSE-EEk ahalegin hori egin behar du, eta Blanca Urgell andrea horretan ari da saiatzen. Baina euskararen munduek PSE-EE etxeko sentitu behar duten neurrian, sentitu behar ditu PSE-EEk etxeko euskararen mundu guztiak.
Iturri batzuen arabera, Lourdes Auzmendik hartuko du zure lekua. Ze aholku emango zenioke?
Entzun, pentsatu eta galdetzeko. Solaskide eta laguntzaile izateko. Eusteko goiari etxekoen eta kanpokoen aurrean. Eta nik esan gabe ere, berak oso ongi daki zer egin behar duen.
Eta hemendik aurrera zer?
Etxekoek ezagutzeko moduan bueltatu naizela frogatu ondoren, bizi, duintasunez bizi, euskararekin bizi.
Agian goizegi da erantzuteko, baina Donostiako Udalera bueltatu nahiko zenuke? Udal hauteskundeak datorren urtean dira.
Zertara?