Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko, Urola Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Pausoz Pauso ekimena antolatu du hilaren 24rako; hala, bi urtero bezala, martxa egingo dute Azkoititik Zarautzera. Aurtengo aldaketa ibilbidearen noranzkoa izango da, beste urtetako martxetan Zarautzen hasi eta Azkoitian amaitzen baitzen.
Egun guztiko martxa Azkoitiko plazatik abiatuko da, 10:00etan. Gero, Azpeititik eta Zestoatik igaroko da eta Zumaiara iritsitakoan, 14:30ak aldera, bazkaria egingo dute Beheko Plazan. Bazkarirako txartelak Azpeitiko Orkatz tabernan egongo dira salgai.
Bazkal ostean, 16:30ean, Zumaiatik Zarautzera abiatuko da martxa eta 19:30ak aldera ekitaldia egingo dute Zarautzen. Behin martxa amaituta, txotxa egingo dute plazan eta gauean, Egurra ta Kitto eta Fridays Crew talde azpeitiarren, zein Mercenarios eta Ezereza taldeen kontzertuak izango dira Zarauzko Putzuzulo Gaztetxean.
Martxaren abestia
Azpeitiko Egurra ta Kitto taldeak egin du aurtengo martxarako abestia eta Pausoz Pauso izena jarri diote. Abestian entzuteko egin klik hemen.
Atxikimendua
Martxan zehar talde, eragile, koadrila eta norbanako orok izango du lekukoa emateko aukera. 50 euro ordaindu beharko dute atxikimendua eta lekukoa eman nahi dutenek.
Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria
Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Paterra) Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora
- Jabi Agirre. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduaren hasieran Espainiaratu egin zuten. Soto del Realean (Espainia) dago preso, 420 kilometrora.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
Deportatuak
- Inaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.
Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)
Askatasunaren weba: www.askatu.org