Apirilaren 5ean, arratsalde partean, Zestoako harrobi aurrean kontrola jarri zuen Guardia Zibilak. Hainbat auto gelditu zituzten kontrolean eta tartean, hiru gazte azpeitiar zihoazen autoa. Kontrolean eduki zituzten hiru gazteak eta horietako bat mehatxatu egin zuten, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dioenez.
Askatu.org webgunearearen arabera, kontrola kendu egin zuten une batez eta Guardia Zibil gehiago joan ziren kontrolaren tokira. Poliziek zituzten armak gazteen aurpegietara begira jarri zituzten eta gazteetako bat mehatxatu egin zuten. Aipatutako iturriek diotenez, ur azpian zenbat denbora pasatzeko gai izango zen galdetu zioten eta erantzuteko ohiukatu zioten ondoren. Sufrimendua zer zen jakingo zuela ere esan zioten.
Ordubete inguru egon ziren gazteak Guardia Zibilaren kontrolean, eta alde egiterakoan "hau ez da agur bat" mehatxu eginez alde egin zuten poliziek lekutik.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu egin du gertakaria.