Zestoako Agiro eta Azpeitiko Lagun Onak mendizaleen taldeek elkarlanean antolatu dute aurtengo Santa Engraziko eguna. Igandean, apirilaren 18an, izango da, egun osoz. Lagun Onak-ek Azpeititik 09:00etan antolatu du Santa Engrazirako irteera. Haur eta gaztetxoak autobusez joango dira Zestoara, helduek, berriz, Azpeititik Santa Engrazira oinez joateko aukera izango dute. Zestoatik, 09:30ean irtengo dira, Agirokoekin batera.
Santa Engrazin, igandean, egun guztiko egitaraua antolatu dute mendizaleen bi taldeek. Goizean, Santa Engraziko bentan salda beroa banatuko dute han bildutako mendizaleen artean. 12:00etan, meza izango da baselizan. Gero, haurrentzako jolasak eta erromeria izango dira. Bazkaltzera, berriz, Aizarnara jaitsiko dira. 18:00etan irtengo du Aizarnatik Azpeitirako autobusak. Azpeititik autobusez joan nahi dutenek izena eman behar dute Lagun Onak mendizaleen taberanan. Izena emateko azken eguna osteguna (apirilak 15) da. Bazkideek lau euro ordaindu beharko dituzte eta gainontzekoek sei euro.