Bukatu da Egunkaria-ren itxierari buruzko auzia helegiterik ezean, eta bukatu behar zuen bezala amaitu da: absoluzioa emanda. Hasieratik esan izan duguna daukagu esateko Egunkaria-ko azpeitiar langile izandakook eta Berria-n gabiltzan herrikideok: Egunkaria proiektu independentea izan zen sorreratik. 11 oinarri zituen eta 11 oinarriekin egin zituen hamahiru urteak, Guardia Zibilak itxi zuen arte. 11 oinarri haiek ziren irauteko berme bakarra.
Iraun zuen. Itxi zuten. Absoluzioa orain, zazpi urtera. Baina Egunkaria itxita dago. Eta auzipetuen eta beste atxilotuen bizitza markatu egin dute, jo.
Urteotan erabakigarria izan da herritarren, erakundeen eta eragileen babesa. Azpeitikoena, kasu honetan. Eskerrik asko azpeitiarrei, Udalari eta beste elkarte-erakunde denei, 2003an bezala Egunkaria-ren aldeko konpromisoa agertzeagatik. Eta eskerrik asko Uztarriari, webean tarte bat eraikitzen utzi digulako.
Ez dugu besterik esateko. Bat egiten dugu gaur auzipetuek irakurritako adierazpenarekin. Asko dugu emateko. Euskarazko hedabideak egiten segituko dugu. Nahi duenarekin.
Artikuluaren sinatzaileak: Iban Arregi, Mikel Arregi, Mikel Azkune, Estitxu Elduaien, Oihana Elduaien, Enekoitz Esnaola, Joxe Luis Aizpuru, Eneko Etxeberria, Asier Legarda-Ereño, Xebaxtian Lizaso, Kike Zurutuza, Leire Aramendi eta Ion Aranburu Egunkaria-ko azpeitiar langile ohiak, eta Berria-n dabiltzan herrikide Miren Garate, Aitziber Arzallus eta Doltza Lasa.