Mugikortasunari begirada

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 15a, 12:04

Azpeitiko eta Azkoitiko udalek Gure Inguruari Begira argazki lehiaketa antolatu dute, irisgarritasuna ardatz

Urriaren 26a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak

Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek Tokiko Agenda 21en baitan, Gure Inguruari Begira IX. Argazki Lehiaketa antolatu dute. Horren bitartez mugikortasuna eta irisgarritasuna landu nahi dituzte. Izan ere, egungo gizarte ereduan mugikortasun premiek herrien paisaia eraldatu dute eta, era berean, mugitzeko premia horiek irisgarritasun arazoak sortu izan ditu. Argazkiekin agerian utzi nahi dituzte, beraz, Azkoitian eta Azpeitian mugikortasunari eta irisgarritasunari dagokionean egin diren aurrera pausoak; baita, oraindik dauden oztopoak ere.

Orain arte bezala, argazki sarituekin udalek 2011ko egutegia osatuko dute aurten ere.

Gaiak sei kategoriatan

Gaia hain zabala izanik, sei kategoria ezarri dituzte antolatzaileek eta horien baitan sailkatuko dituzte irudiak: Motordun garraioak; Motorrik gabeko garraioak; Irisgarritasun oztopoak; Herribideak; Hiribideak eta Oinezkoentzako guneak: kaleak, parkeak, etab. Herribideak, gaur egun aisialdirako soilik erabiltzen diren arren, garai batean herritik herrira ibiltzeko erabiltzen ziren bideak dira.

Argazkien eremu geografikoa, ezinbestean, Azpeitiko eta Azkoitiko udalerriena izango da; hau da, argazkiak Azkoitian edo Azpeitian ateratakoak beharko dute izan, eta antolatzaileek baldintza hau betetzen ez dituzten lanak baztertu egingo dituztela adierazi dute.

Kategoria bakoitzean, bestalde, argazkilari bakoitzak gehienez ere bi argazki aurkeztu ahal izango ditu. Formatu digitalean aurkeztu beharko dira, CD batean JPEG formatoan grabatuta; 330 mm x 200 mm-ko neurria izan beharko dute gutxienez, orientazio etzana eta 300 dpi-ko erresoluzioa.

Aurkezteko epea eta sariak

Lanak 2010eko urriaren 26a baino lehen aurkeztu beharko dira Azkoitiko nahiz Azpeitiko udal bulegoetan. Epaimahaiak azaroaren 3an emango du erabakiaren berri, eta sariak Azkoitian banatuko dira, San Andres jaien inguruan.

Argazkiak baloratzeko garaian, epaimahaiak honako irizpideak hartuko ditu kontuan: argazkiak gaiarekin duen zerikusia, orijinaltasuna (lehiaketan ezin dira aurrez argitaratutako argazkiak aurkeztu), kalitatea eta gaurkotasuna.

Sariei dagokionez, kategoria bakoitzeko 150 euroko sari bat emango dute. Bestalde, argazkilari bakoitzak sari bakarra jasoko du, beraz, sei saridun egongo dira, kategoria bakoitzeko bat.

Argazkiak identifikatu

Egile berak aurkeztutako argazki bakoitzak kode bat izango du: lehenik, kategoria adieraziko duen zenbakia (1etik 6ra), ondoren gidoi baxu bat; segidan egileak aukeratutako izenburua; ondoren beste gidoi baxua eta argazkiaren zenbakia (1 edo/eta 2). Informazio gehiago bi udaletxeetan, agenda21@azpeitia.net edo ingurumena@azkoitia.net helbideetan.

XEHETASUNAK

  • Lanak aurkezteko epea.

Urriaren 26a arte, Azkoitiko edo Azpeitiko udal bulegoetan. CD batean JPEG formatoan (330mm x 200mm; 300 dpi-ko erresoluzioa).

  • Parte-hartze kategoriak.

Honako sei kategoriatan banatu dute lehiaketa: Motordun garraioak; Motorrik gabeko garraioak; Irisgarritasun oztopoak; Herribideak; Hiribideak; eta Oinezkoentzako guneak: kaleak, parkeak, eta abar. Kategoria bakoitzeko 150 euroko sari bana.

  • Epaia eta sarien banaketa.

Epaimahaiak azaroaren 3an hartuko du erabakia, eta sariak sanadresetan banatuko dira Azkoitian.

  • Informazio gehiago.

Azkoitiko edo Azpeitiko udal bulegoetan; agenda21@azpeitia.net edo ingurumena@azkoitia,net.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide