Azpeitia eta Lasao artean bidegorria egingo dute

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 15a, 12:04

Gaur egun oinezkoek bakarrik erabiltzen duten bidea bizikletan ibiltzeko moduan ere jarriko dute

Bidea egiteko lanentzako aurrekontua 3.385.000 eurokoa da

Azpeitia eta Lasao arteko oinezkoentzako bidean lanak egingo dituzte, bertan bizikletan ibiltzeko bidegorria eraikitzeko. Lanak bukatutakoan, 4,8 kilometro luzeko eta lau metro zabaleko bidegorria izango da tarte horretan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamenduaren ekimena da, Lasao eta Azpeitia arteko bizikletentzako eta oinezkoentzako bidearen egitasmoa. Era horretan, Urola bailarako bosgarren ibilbidea eraikiko dute. Eremu horretako proiektua 2007an egin zuten, baina orduan bizikletentzako bidea hiru metro zabalekoa izatea aurreikusten zuten. Orain erabakitakoarekin, eta lau metro zabal izango dituen bidegorria eraikiko dute. Oinezkoentzako eta bizikletentzako bideak marra baten bidez bereiziko dituzte, Azkoitia eta Azpeitia bitarteko bidegorrian dagoen moduan.

Irailean hastekoak

Lanak irailean hasiko dituzte, eta bukatzeko 11 hilabete beharko dituztela aurreikusi dute egitasmoaren arduradunek. Hori hala, 2011ko abuzturako bidegorria zabalik egongo dela esan dute Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunek. Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria egiteko lanak 3.385.000 euroko kostua dute. Guztia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko Departamentuak finantzatuko du.

Julian Eizmendi alkatea pozik azaldu da Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007an egindako egitasmoa berraztertu duelako, eta egitasmo berrian, Azpeitiko Udalak eskatuta bezala, bidegorri zabalagoa egitea aurreikusi dutelako: "Bidegorria azpeitiarrontzako azpiegitura egokia izango da, bai Lasaoko industrialdera eta baita Azkoitikoetara modu iraunkorrean joateko aukera eskainiko digulako. Gainera, egunero ariketa fisikoa egitea hautatzen duten azpeitiar askorentzako ibilbide egokia bilakatuko da".

Azpeitia eta Lasao arteko bidegorriak 4,8 kilometroko luzera izango du, eta ibilbide osoa argiztatuta egongo da. Zati batean, gaur egun araztegi aldera doan pasealekuaren gainetik joango da. Toki horretan, gaur egun dagoen bidea zabaldu egingo dute, bizikleta eta oinezkoentzako bideen araudi teknikora moldatuz.

Araztegira iristen denean, bidea trenbidearen azpitik pasatuko da eta instalazio hidraulikoen atzetik jarraituko du, ibaiertzari kalterik ez eragitearren. Zati horretan, motordun ibilgailuak ibiltzeko aukera izango dutela ere zehaztu du Foru Aldundiak: "Batik bat traktoreak, inguru horretako sailetara joateko". Behin bidea Anardi-Badiolegi industrialdera iritsitakoan, bidegorriak Lasaoko auzoruntz egingo du.

Datua

  • 3.385.000 euroko aurrekontua. Azpeitia eta Lasao bitartean 4,8 kilometroko luzera izango duen bizikletentzako eta oinezkoentzako bidea egiteko lanentzako aurrekontua 3.385.000 eurokoa da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide