Azpeitia da faboritoa gaur abiatuko duten Herriarteko 42. Pilota Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 16a, 12:04

Eskuz binakako lehian ariko dira azpeitiarrak, Azkoitiko taldearekin batera; Zumaia zestapuntan lehiatuko da

Azpeitiko taldea final zortzierenak jokatzen hasiko da, maiatzaren hasieran

Azpeitia da faboritoa gaur abiatuko den Herriarteko 42. Pilota Txapelketa-Kutxa Sarian, esku pilota modalitatean. Ilunpeko pilotariekin batera lehiatuko dira Gipuzkoako beste 22 talde, tartean Azkoitiko Oteiza Pilota taldea. Iaz Bergarak eskuratu zuen txapelaren bila borrokatuko dira guztiak.

Final hamaseirenekoak hasiko dira jokatzen etzi. Zazpi kanporaketa izango dira, izan ere, talde kopurua bakoitia da aurten. Horregatik, zozketa egin da eta talde bat zuzenean final zortzirenetarako sailkatu da, Aretxabaleta, hain zuzen ere. Aurreko urteko txapeldunaren kontra, Bergararen kontra, neurtuko dira Aretxabaletakoak.

Azkoitiko eta Azpeitiko taldeak dira zerrendaburuak, eta final zortzirenak jokatzen hasiko dira zuzenean maiatzeko lehendabiziko astean, lehen kanporaketa jokatu gabe. Haiekin batera, Bergara, Hernani, Donostia, Elgoibar, Ataun eta Astigarraga hasiko dira zortzirenetan lehiatzen, iaz lehen zortzi postuetan sailkatu baitziren.

Txapelketako finala ekainaren 13an Donostiako Atano III.-a pilotalekuan jokatuko dela aurreikusten dute antolatzaileek, data eta tokia ziurtatu gabe badaude ere. Euskal Telebistak emango du norgehiagoka, lehenengo katean.

Bi taldeetako jokalariak

Azpeitiko taldean Aizpuru-Eizmendi bikotea ariko da kadete mailan, Etxaniz-Aizpuru jubeniletan, eta LarraƱaga-Uzkudun izango dira senior mailako jokalariak.

Azkoitiko ordezkaritzari dagokionez, Oteiza Pilota Elkarteko arduradunek oraindik ez dute zehaztu zein jokalari ariko den aurreneko norgehiagokan, azken orduko aldaketak egon daitezkelako.

Hiru talde zestapuntan

Eskualdeko hirugarren talde bat ere lehiatuko da aurtengo Herriartekoan, baina zestapunta modalitatean: Zumaia. Iaz bezalaxe, Tolosa eta Donostia izango ditu arerio. Palazka, berriz, ez da egongo Urola Kostako ordezkaritzarik aurtengo txapelketan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide