Azpeitiko Udalak adierazi duenez, Urrestillako Haurreskola 0-3 urte arteko haurrentzako izango da. "Hainbat herritarren beharrei eta eskaerei erantzunez", adin tartea zabaltzea erabaki du Haurreskolen Partzuergoak. "Modu honetan, urrestildarrei eskainiko zaien zerbitzua zabaldu egingo da".
Urrestillako Haurreskolaren eraikineko lanak bukatuta daude eta, Udaleko arduradunek diotenez, "ateak irekitzeko prest". Maiatzean zabalduko dute matrikula egiteko epea, baina aurretik gurasoentzako bilera deitu dute.
Zehazki, 2008-2010 urteen artean jaiotako haurren gurasoentzako da datorren astearteko bilera, Urrestillan. Batzarra Urrestillako Haurreskolan bertan izango da, 20:30ean. Han, haur eskolako zerbitzuen berri emango dute eta azpiegiturak ezagutzeko aukera izango dute gurasoek.
Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Saileko arduradunek zera adierazi dute: "Datorren ikasturtea Urrestillako Haurreskolak ahalik eta indar handienarekin hastea nahi dugu". Hori horrela izateko, ordea, gurasoen konpromisoa "ezinbestekoa" dela ere nabarmendu dute.