Azpeitiarrak trindoorreko txapeldun

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 20a, 12:04

Ezkerretik hasita, Azpeitiko taldekide Nerea Etxeberria, Mireia Epelde eta Oihana Agirre, eta Euskadi Irratiko zuzendari Rosa Diez Urrestarazu, Eneritz Iturriagaetxebarria, Ainhoa Murua eta Leire Olabarria. (Urola Kostako Hitza)

.14 minutu eta 12 segundu behar izan zituen Azpeitiko hirukoteak proba irabazteko

Mireia Epelde txirrindulariak, Nerea Etxeberria korrikalariak eta Oihana Agirre arraunlariak osatu zuten Azpeitiko taldea

Larunbatean, hilaren 17an, Euskadi Irratiko Hiru Errege Mahaia saioak antolatuta Emakumezkoen I. Herriarteko Trindoor Txapelketako finala jokatu zuten. Bertan, Azpeitia, Markina, Tolosa eta Azkoitiako taldeak aritu ziren lehian. EITBk Donostian, Miramonen, duen egoitzan jokatu zuten finala.

Azpeitiko herria Oihana Agirre arraunlariak, Mireia Epelde txirrindulariak eta Nerea Etxeberria korrikalariak osatutako hirukoteak ordezkatu zuen. Faboritoak ziren azpeitiarrak, baina Markinako hirukotearen denbora itzal izan zuten uneoro. Mireia Epelde azpeitiko txirrindulariaren esanetan, "irabaztea espero, ez genuen espero, baina bagenekien gauzak ondo eginez gero lor genezakela garaipena". Azkenean, 15 segunduko aldearekin nagusitu ziren azpeitiarrak larunbat arratsaldeko norgehiagokan, 14 minutu eta 12 segunduko denbora eginez.

Azkoitiarrak ere finalean izan ziren, baina proba bezperan Olatz Gabilondo korrikalariak min hartu zuela eta Mendaroko Maite Mayorak jokatu zuen finala. Hori dela eta, nahiz eta azkoitiarrek hirugarren denbora onena egin, antolatzaileek ez zuten kontuan hartu denbora hiru kirolarietako bat azkoitiarra ez zelako. Mireia Epelderi azkoitiarren denbora kontuan ez hartzea abantaila izan al zen galdetuta honakoa erantzun du: "ez zen abantaila izan, denborak ezberdinak izan zirelako eta, gainera, guk bagenekien besteena ahaztu eta geurea egin behar genuela".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide