Herriko argazki zaharrak jasotzeko beste ahalegin bat egingo dute

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 22a, 11:04

Herriko 143 argazki zahar jarri dituzte ikusgai Betharrametako aretoan; bizilagunek emandakoak dira guztiak

Etxean argazki zaharrak dituztenek Azpeitiko Udaleko Kultura Bulegoan utzi ditzakete eta egun batzuetara itzuliko zaizkie originalak

Joan den ostiralean Azpeitiko argazki zaharrekin osatutako erakusketa zabaldu zuten, Betharrametako aretoan. Azpeitiko Argazki Elkartearen eta Udalaren ekimenez osatu dute erakusketa, Azpeitiak herri-gutuna jaso zueneko 700. urteurreneko ekitaldien baitan. Erakusketa herritarrek emandako argazkien kopiekin osatu dute. Baina bildutakoak baino gehiago jaso nahi dituztenez, etxean argazki zaharrak dituzten herritarrei Argazki Elkarteak eta Udalak deia egin diete berriz ere. "Herriko historia grafikoki biltzea da ekimen honen helburua, eta herritarrek bizitako uneak, garaiak... irudietan ere jasota izatea nahiko genuke. Horregatik, etxean argazki zaharrak dituzten herritarrak halakoak uztera animatu nahi ditugu", azaldu du Ana Mendizabal Kultura zinegotziak.

Argazki zaharrak Azpeitiko Udaleko Kultura Bulegoan utzi beharko dira. Baina utzi eta egun batzuetara jabeari itzuliko diote argazki originala. Argazkiak Azpeitiko Argazki Elkarteak hartu eta dijitalizatu egingo ditu, gordetzeko. Azpeitiko Argazki Elkarteko Fototekako arduraduna Joxe Ramon Larrañaga da. Hark azaldu duenez, argazki zaharrak dijitalizatzeaz gain, artisau lana egiten dute, argazki txikietatik kalitate oneko kopiak lortuz. "Gustura egiten ari garen lana da. Irudien bitartez herriaren historia ezagutzeko aukera daukagu eta oso gauza politak ikusten dira gainera", azaldu du Larrañagak.

Erantzun ona

Orain jarrita duten erakusketa ere, herritarrek utzitako argazkien kopiekin osatu dute. "Jendeak oso ondo erantzun zuen 700. urtemuga zetorrela-eta egin genuen lehen deialdian", diote Larrañagak eta Mendizabalek. Orain arte 300 argazki inguru jaso dituzte, eta 143 jarri dituzte erakusgai. "Beste 40 ere jarri nahi genituen, baina leku faltagatik ezin izan ditugu jarri", dio Larrañagak.

Horiekin eta aurrerantzean jasoko dituztenekin urte bukaerarako beste argazki erakusketa bat antolatzeko asmoa dute.

Argazki zaharrena 1889koa

Betharrametako aretoan jarri duten Azpeitiko argazki zaharren erakusketan 143 argazki daude ikusgai. Baina herritarrek 300 argazki inguru utzi dizkiete antolatzaileei. Horietatik zaharrena 1889. urtekoa dela azaldu du Azpeitiko Argazki Elkarteko Fototeka arloko arduradun Joxe Ramon Larrañagak. Argazkia Loiolan ateratakoa da, eta Julian Iturriozek utzitakoa. "Pentsa, argazkigintza 1839an sortu zen eta 50 urte geroago Azpeitian ateratako argazki bat jaso dugu", nabarmendu du Larrañagak. Orain, etxean argazki zaharrak dituztenek argazkiak uzteko beste deialdi bat egin dute Azpeitiko Udalak eta Azpeitiko Argazki Elkarteak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide