Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketa martxan jarri dute

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 22a, 11:04

Lanak maiatzaren 3tik 29ra aurkeztu behar dira Azpeitiko udaletxean

Irabazleak 900 euroko saria jasoko du

Azpeitiko XXVIII. Euskal Antzerki Topaketetako kartel lehiaketaren oinarriak kaleratu ditu Azpeitiko Udalak. Lehiaketan parte hartzeko lanak maiatzaren 3tik 29ra bitartean aurkeztu beharko dira, Azpeitiko Udaleko Kultura Sailean. Irabazleak 900 euroko saria jasoko du.

Kartel lehiaketara nahi duen orok aurkeztu dezake lana, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez hiru lan aurkezteko aukera izango du, edozein teknika edota material erabilita. Lanek izan beharko duten neurria, 450 milimetro zabal eta 680 milimetro altu izan beharko dute. Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketak udazkenean egingo dira, eta horiek iragartzeko erabiliko du Udalak kartel irabazlea. Kartelean honako hau zehaztu beharko da euskara hutsean: Azpeitia. XVIII. Euskal Antzerki Topaketak. 2010eko udazkena.

Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatutakoa da eta saritutako lana Udalaren esku geldituko da. Lehiaketara aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat zabalduko du Udalak, ekainaren 7tik 20ra bitartean. Bertan, erakusketa ikustera joaten direnek gustukoen duten lanaren aldeko botoa emateko aukera izango dute. Epaimahaiaren erabakia uztailean jakinaraziko du Udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide