Joxe Takolo Bekara mendiko bi proiektu aurkeztu dituzte

Urola Kostako Hitza 2010ko api. 22a, 12:04

Oraindik erabakitzeke dute mendizaletasunarekin lotutako beka hori nori emango dioten

Beka 4.200 eurokoa izango da

Goi-mendizaletasuna bultzatzen duen Joxe Takolo Bekara bi egitasmo aurkeztu dituzte. Udaleko Kirol arduradunek aurreratu dutenez, azpeitiarrik ez dago aurkeztutakoen artean.

Egitasmoak aurkezteko epea martxoaren azkenengo egunean bukatu zen. Beka nori eman edota aurkeztu diren egitasmoek hura merezi duten edo ez erabakiko duen batzorde teknikoa egun hauetan elkartuko da. Erabakiaren berri, berriz, datorren hilaren hasieran emango dutela jakinarazi dute. Beka 4.200 eurokoa izango da, zehazki.

Iaz lau egitasmoren artean banatu zuten 4.200 euroko laguntza: Gorka Karapeto eta Ekaitz Maiz eskalatzaileen Eiger Northwand aske; Kepa Escribano, Mikel Bonilla eta Aitor Abendaño mendizaleen Peru-Huayhuash espedizioa 2009; Aitor Alvarez de Arcaya, Oscar Hierro, Jesus Garcia eta Gorka Sagasti mendizaleen Piolet kapitaina espedizioan Shisha Pangmara; eta, Jon Segurola eta Iñigo Andola mendizaleen Azkoitiarrak Fitz Royn proiektuen artean.

Joxe Urbieta Takolo 2000. urtean hil zen. 2001ean hari buruzko biografia aurkeztu zuen Uztarria Kultur Koordinakundeak, Enekoitz Esnaolak idatzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide