Pako Aristi idazle, kazetari eta musikaria Azpeitiko Udal Euskaltegian izango da bihar, apirilak 29, hitzaldi-solasaldi batean parte hartzeko.
Udal Euskaltegiak 25 urte betetzen ditu ikasturte honetan eta, hori dela eta, joan den udazkenetik hainbat ekintza ari da antolatzen, urteurren hori ospatzeko. Aristiren bisitaldia ere egitarau horren barruan kokatu behar da. Urrestillakoa 15:15etik aurrera ariko da euskaltegian, bertako ikasleekin zein bertaratu nahi duen herritar ororekin berriketan; izan ere, biharko ekitaldia irekia da, ez euskaltegiko ikasleentzat bakarrik.
Datozen hitzorduak
Euskaltegitik aurreratu dutenez, 25. urteurrenaren ospakizunen barruko hurrengo hitzordua maiatzaren 7an izango da, Piano bat bertsotan ikuskizunarekin. Ekainaren 19an bukatuko dituzte ospakizunak, gaur egungo eta garai bateko ikasle eta irakasleak elkartuko dituen bazkari batekin.