Santi Lazkanoren biografia aurkeztu du Uztarriak

Uztarria.eus 2010ko mai. 1a, 15:05

Santi Lazkanoren senideak eta Uztarriako kideak aurkezpenaren ondoren.

Gaur, larunbata, izan da liburuaren aurkezpena

Nekane Zinkunegik idatzi du biografia

Santi Lazkano zenaren biografia aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak gaur, larunbata. Uztarriak 2009ko martxoan hainbat azpeitiarren soslaiak egiteko proiektua jarri zuen abian eta Agirrerena proiektuko laugarren alea da. Lehenengoa Julian Bereziartuarena izan zen eta bigarrena, Leo Etxeberriarena eta hirugarrena, berriz, Valentina Agirrerena.

Baigerako aretoan aurkeztu dute hirugarren liburuxka hau eta jende ugari bildu da bertan. Santi Lazkanoren alabak, haren emaztea, beste familia kide eta lagun batzuk ere bai.

Txirrindularia izan zen Santi Lazkano eta pertsona ezaguna zen Errezil eta inguruetan. Nekane Zinkunegi kazetariak idatzi du biografia eta, berak azaldu duenez, "fenomeno bat" izan zen Lazkano. Uztarriak liburu hau idazteko proposamena egin zionean, "asko poztu" zela adierazi du Nekane Zinkunegik. Gainera, liburuaren egileak jakinarazi duenez, "biografia hau idaztearekin, Lazkanoren bizitzara sartu naiz eta zerbait berria sortu zait nire baitan".

Izaro Lazkano, Santi Lazkanoren alabak, esker oneko hitzak zuzendu dizkie Uztarriako kideei. "Urteekin, ahazten joan da gure aita nor zen eta berriro ekartzea, gogoraraztea, pozgarria da".

Lehen liburua du Nekane Zinkunegik, eta bere hitzetan, "Santi Lazkano nor izan zen jakiteko balio izan dit". Uztarriaren helburuetako bat komunikazio munduan dabiltzan azpeitiar gazteei aukera ematea da liburua idazteko.

Uda inguruan, beste liburuxka

Liburuxka biografikoen helburuak azpeitiarrak euskarazko liburuak irakurtzera bultzatzea eta ildo beretik, historiaren ondarea jasotzea dira.

Guztira, hamabi-hamalau liburuxkek osatuko dute bilduma. Dagoeneko lau argitaratu ditu Uztarriak, eta bosgarrena uda inguruan aurkeztuko du: Amaia Garmendiaren bizitza jasoko du Xabier Otamendik.

Bazkideek etxean jaso dute dagoeneko Santi Lazkanoren biografia. Erosi nahi duenak, berriz, herriko liburu dendetan eta Uztarriaren egoitzan eskuratu ahal izango du bost euroren truke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide