Enekoitz Aizpuru gailendu da Sanjuandegiko Mendi Lasterketan

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 4a, 11:05

Sanjuandegiko IV. mendi lasterketako podiuma.

Proba irabazten duen bigarren aldia da; berea zen orain arteko marka

.70 lasterkari inguruk hartu dute parte proban, eta Maitane Txueka arbizuarra izan da emakumeetan lehena

Enekoitz Aizpuru azpeitiarrak irabazi du Sanjuandegiko IV. Mendi Lasterketa, 00:57:02 denbora eginda. Larunbat arratsaldean jokatu zen proban 70 lasterkarik baino gehiagok hartu zuten parte. Sanjuandegiko I. lasterketa ere Aizpuruk berak irabazi zuen; orduan jarri zuen lasterketako marka: 00:52:26 denbora. Aurten, emakumezkoetan aurrena Maitane Txueka arbizuarra izan da, 01:14:10 denborarekin. Sanjuandegiko proban emakumeetan marka Nerea Amilibia aiarrak du jarrita, 01:03:27 denboran; 2007an ezarri zuen.

Probaren hamabost kilometrotatik lehenengoan Aizpuru joan zen lasterketa buru gisa. Baina gero Hassan Ait villabonarrak hartu zion aurrea, eta ia bukaera arte bera izan zen liderra . Hala ere, helmugara heldu aurretik Aizpuruk hartu zion aurrea, eta berak jantzi zuen txapela.

Bide Ona Sanjuandegiko Kultur Taldeak antolatzen du mendi lasterketa, Xeye Atletismo Taldearen laguntzarekin. Aurten lasterketaren ordutegia aldatu egin dute; goizez izan beharrean arratsaldez izan da, 18:00etan hasita. Antolatzaileak "gustura" gelditu dira emaitzarekin. "Ordu aldaketak gauzak asti gehiagorekin antolatzeko aukera eman digu eta parte-hartzaileei ere ondo iruditu zaie irteera ordua", esan du Alex Silva Bide Onako kideak.

Aurtengo Sanjuandegiko proban aurreko urteetan baino lasterkari gehiagok zuen izena emanda, baina azkenean 70 lagun inguru izan ziren irteeran. "Azkenean aurreko urteetan adina parte-hartzaile izan da, baina gustura gaude toki askotatik etorri direlako: Gipuzkoako beste herrietatik, Nafarroatik, Kantabriatik...", dio Silvak.

Sanjuandegiko mendi lasterketaren antolatzaileek proba antolatzeko laguntza ematen duten enpresak eta eragileak eskertu ditu. "Oso diru gutxirekin antolatzen den proba da, baina zenbait enpresak ematen duten laguntzari esker eta jendeak parte hartzen duelako aurrera ateratzen dugun lasterketa polita da", esan dute Bide Onakoek.

Igandean, Izarraizkoa

Herrian beste lasterketa bat jokatuko da igandean, Izarraizko Mendi Lasterketa. 10:00eta hasiko da Azpeitiko plazan. 21 kilometroko ibilbidea du, bi urtean behin antolatzen duten lasterketak.

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatzen duen proban ehun lagunek baino gehiagok eman dute izena dagoeneko. Baina egun hauetan ere inskribatu ahalko dira interesa dutenak, bihar 21:30etik 22:30era 943-02 58 93 telefonora deituta, edota www.lagunonakmb.org webgunean. Izena emateko 20 euro ordaindu behar dira, baina mendian federatuta egonez gero 15 euro. Proban parte hartzeko 18 urte beteak behar dira.

Sailkapena

Gizonezkoak

  1. Enekoitz Aizpuru (Azpeitia) 00:57:02
  2. Hassan Ait (Villabona) 00:57:09
  3. Xabier Lasa (Azpeitia) 01:00:31
  4. Joseba Tobar (Azkoitia) 01:04:11
  5. Jesus Bravo (Lazkao) 01:05:30
  6. Mikel Hoyos (Errenteria) 01:06:10
  7. Jon Gomez (Lenitz) 01:06:30
  8. Jexux Mari Errazu (Azpeitia) 01:07:08
  9. Karlos Paredes (Azpeitia) 01:07:32
  10. Migel Angel Letamendia 01:07:40

Emakumezkoak

  1. Maitane Txueka (Arbizu) 01:14:10
  2. Nerea Etxeberria (Azpeitia) 01:21:10
  3. Leire Atxutegi (Zumaia) 01:23:22
  4. Nekane Gurrutxaga (Azpeitia) 01:23:58
  5. Ines Arreitunandia (Hernani) 01:25:21
  6. Ana Alkorta (Azpeitia) 01:30:27
  7. Daniela Dominguez (Azpeitia) 01:32:44
  8. Idoia Arakistain (Azpeitia) 01:32:55

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide