Herri Irratiaren Loiolako egoitza itxi egin dute

Berria.info 2010ko mai. 4a, 19:05

Herri Irratiaren Loiolako egoitza gaur ('Urola Kostako Hitza').

Noticias taldearekin bat egitearen ondorioetako bat izan da Azpeitiko instalazioen itxiera

1961etik ari ziren Loiolan lanean, eta hedabide garrantzitsua izan zen euskararentzat

Berria.info-k argitaratu duenez, 1961etik Loiolako Herri Irratiak Azpeitiko auzo hartako santutegiko beheko solairuan izan duen egoitza itxi egin dute. Ostegunean. Herri Irratia-Loyola Mediak Noticias taldearekin bat egiteak ekarri du itxiera. Loiolako langileek, hala ere, uste zuten ekainera behintzat jarraituko zutela han. Egoitzak 2011ko otsailean beteko zituen 50 urte.

Joan den martxoaren 24an sinatu zuten Loiola Probintziako Jesusen Lagundiak eta Noticias taldeak akordioa Herri Irratiko emisorak Noticiasen sartzeko. Hitzarmenaren berri eman zuten oharrean zioten asmoa "hasiera batean emisora bakoitzaren frekuentziei eta programazioari eustea" zela, eta ondoren emango zituztela "Herri Irratiaren eta Onda Vascaren erreferentziazko produktuak batuko dituen eredurantz pausoak". Urrats hori azkeneko egunetan egin dute; besteak beste, Herri Irratiko euskarazko hainbat saio kenduta.

Herri Irratiak ibilbide luzea izan du. 1961ean sortu zuten, eta Loiolan egindako lanaren eraginez-eta hasieran hedabide garrantzitsua izan zen euskararentzat. Joxe Mari Iriondo, Karmelo Otaegi edo Laxaro Azkune bezalako kazetari ezagunak aritu izan dira Loiolako irratian.

Urteetan emisoraren zabalkundea Gipuzkoara mugatu zen -90eko hamarkadan une batez Cope Espainiako irrati kateari atxikita egon zen-. Baina 2003az geroztik, Herri Irratiko zuzendaritza aldatzearekin batera, egitasmo berriak jarri zituzten martxan; Hego Euskal Herrira zabalduko zen egitasmo elebiduna zuten xede. Hala, pixkanaka sei eremutara zabaldu zuten: Gasteizkoa 2003an sortu zuten, Bilbokoa 2004an, Eibarkoa 2007an eta 2008an Durangokoa. Joan den martxoan Noticias taldearekin bat egin zuen arte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide