'Hitzekin jolas' egingo du bihar Piano bat bertsotan hirukoteak

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 6a, 11:05

Asteburu musikalen baitako saioa egingo dute, 22:30ean, Iraurgi Saskibaloi Elkartearen tabernan

Jagoba Astiazaran, Beñat Gaztelumendi eta Ainhoa Ansak egingo dute ikuskizuna

Piano bat bertsotan emanaldia entzun eta parte hartzeko aukera ere izango da bihar, ostirala, Iraurgi Saskibaloi Elkartearen tabernan. Azpeitiko Udalak antolatutako Asteburu musikalen baitan egingo dute kontzertua, 22:30ean hasita eta sarrera doan izango da.

Piano bat bertsotan ikuskizunaren arduradunek, Jagoba Astiazaran zestoarrak, Beñat Gaztelumendik eta Ainhoa Ansak, proposamen berri eta berritzaile batekin etorriko dira oraingoan. Izan ere, Azpeitiko Udal Euskaltegiaren 25. urtemugaren harira prestatu duten emanaldian, musika eta hitzak uztartuko dituzte, era ludiko eta parte-hartzailean. Hitzekin jolas izeneko emanaldian, hitzak eskatuko dizkiete entzuleei. Ondoren, hitz horiek dituzten kanta zaharrak nahiz berriak joko dituzte zuzenean, inprobisatuz.

"Urtero hartu dugu parte Asteburu Musikaletan, baina urtero zerbait berria aurkezteko ohitura daukagu", adierazi du Jagoba Astiazaran piano-jotzaileak. Aurreko hiru urtetan Euskal kanta zaharrak pianoaren ferekaz, Euskal kanta zaharrak eta berriak herriaren ahotan eta Pianoa Vs. Bertsoa izeneko ikuskizunak aurkeztu ditu Piano bat bertsotan ekimenak. Pianoa eta bertsogintza uztartzen dituen azken ikuskizunarekin, gainera, bira bat egitngo dute aurten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide