Segurtasuna eta garbitasuna da biharko Ikasberri XI. Rallysprinteko jomuga

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 7a, 12:05

Ikasberri XI. Rallysprnteko antolatzaile eta babesleak lasterketaren aurkezpenean. (Olatz Prat)

Iaz bezala, 70 gidarik hartuko dute parte Ikasberriko Kirol Elkarteak eta Lagun-Arteak antolatutako lasterketan

Azpeitia, Errezil eta Bidegoia artean izango da proba, eta Euskal Txapelketarako eta TKR-Peugeot koparako puntuagarria da

Bihar motor hotsek beteko dituzte Azpetia, Errezil eta Bidegoian inguruak, bide horietan hamaikagarren urtez egingo baita Ikasberri Rallysprinta. Iaz bezala, aurten ere 70 izango dira parte hartuko duten pilotuak eta Azpeitia eta Bidegoian, Errezildik pasatuz lotzen dituen 13,5 kilometroko bidean, hiru ibili edo pasaldi egin beharko dituzte.

Rallysprinteko euskal egutegian ezinbesteko bihurtu den hitzordu hau puntuagarria da espezialitate horretako Euskal Txapelketarako eta Gipuzkoako txapelketarako, baita TKR-Peugeot koparako ere. Beraz, sailkapeneko goi-postuetan dabiltzanek, batez ere , ahalegin ederra egiteko. "Motor ikuskizun paregabea" ikusteko, 10 euro ordaindu beharko dituzte zaleek.

Segurtasuna eta garbitasuna

Aurreko urteetan bezala, aurten ere segurtasunari garrantzia handia eman diote antolatzaileek. Larunbatetik bihurgune eta puntu arriskutsuenetan zintak ipiniko dituzte antolatzaileek, bertan egotea galarazia dagoela dioten oharrekin. Baina Lasterketako zuzendari Michale del Cidek aurkezpenean zioen moduan, "zintaren atzean jarrita arriskutik salbu dagoela uste du jendeak, baina zinta batek ez du auto bat gelditzen".

Iñaki Alberdi pilotuak zera nabarmendu zuen: "Pilotuentzat ere txarra izaten da bihurgune zail batera iritsi eta errepide bazterra jendez gainezka ikustea, izan ere, autoa joaten bazaizu eman egingo diezula badakizu, eta hori ez zaio inori ere komeni".

Beraz, zaleei segurtasun arauak errespetatzeko eta postuetan dauden arduradunei kasu egiteko eskatu diete antolatzaileek, pilotu zein ikusleen segurtasuna bermatu ahal izateko.

Bestalde, horrenbeste jende biltzen denean, ohikoa izaten da ingurunea zikintzea. Azken urteetan, lasterketa amaitutakoan bazterrak zikinak geratzen direla kaxatu izan dira inguruetako bizilagunak.

Horri konponbidea eman nahian, antolatzaileek zakar poltsak banatuko dizkiete zaleei zirkuiturako sarreretan, eta proba babesten duten Udalen laguntzarekin edukiontziak ipiniko dituzte lasterketa amaieran, poltsak bertara botatzeko.

Proba eta lasterketa orduak

Bihar 10:00etatik aurrera egingo dira egiaztatze administratiboak eta teknikoak, Garoa kafetegian eta Azpeitiko Epaitegi aurreko plazan, hurrenez hurren. Ondoren, 14:30ean, lasterketako zuzendariak azken oharrak emango dizkie Briefing-ean parte hartuko dutenei. Bazkalostean, 14:45ean, Epaitegiko plazatik aterako dira autoak Antzibar poligono alderantz. Han azken doiketak egingo zaizkie autoei eta 15:30ean ekingo diote kronometratutako lehen txandari. Autoak minutuko aldearekin aterako dira irteeratik.

Errepidea 14:30ean itxiko dute, bidea egoera onean eta garbi dagoela egiaztatu ahal izateko. Antolatzaileek adierazi dutenez, txanda artean ez da errepidea irekiko. Beraz, lasterketa amaitu arte ezingo da bide horretatik joan; 19:30ak aldera arte zehazki.

Ohorezko parte-hartzaileak

Ikasberri XI. Rallysprintean parte hartuko duten 70 pilotuen artean Ander Vilariño, Joseba Zapirain eta Iñaki Alberdi azpeitiarra dira garaikurra lortzeko faboritoak.

Vilariño anai-arrebak (Subaru Impreza WRC) lehen postuan daude egun Rallysprinten Euskal Txapelketan, 96 punturekin. Haien atzetik Iban Tarsicio eta Iñigo Peñak (Ford Escort Cosworth) osatutako bikotea dago, 60 punturekin, eta hirugarrena Aingeru eta Angel Castrok (BMW M3 E30) osatutako bikotea da, 47 punturekin. Iñaki Alberdi eta haren kide Jorge del Cid (Porsche GT3), 6. postuan daude une honetan, 36 punturekin.

"Vilariño ezin daitekeela harrapatu dirudi, baina, posible da" eta hori izango dute helburu sailkapeneak gertuen dituenak.

Ohorezko postuetako lehian izango dira Errioxako Ricardo Tricio eta Domeka Vera (Mitsubishi EVO V), eta Herrialde Katalanetatik etorriko diren Jose Vicente Costa eta Miguel Angel García (Mitsubishi EVO IX) ere.

Bitartean zerura begira daude antolatzaileak, pilotuak eta zaleak, euriak bakarrik zapuztu baitezake dudarik gabe ikusgarria izango den lasterketa. Antolatzaileek eskerrak eman dizkie Azpeitiko, Errezilgo eta Bidegoiango Udalei eta, krisi garaia izanik ere, diruz lagundu duten enpresa guztiei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide