Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna atxilotu dute Ziburun

Uztarria.eus 2010ko mai. 7a, 14:05

Izagirre urnietarra da, baina Azpeitian bizi zen; iazko azaroan Azpeitiko etxera bere bila joan zen Guardia Zibila, baina ez zuten bertan aurkitu

Atxiloketak salatzeko, gaur 19:30ean, manifestazioa egingo dute, plazan hasita

Azkeneko albistea 2010/05/07_(14:35): Espetxera bidali dituzte Olatz Izagirre eta beste hiru gazteak

Iazko azaroan polizia operazio zabala egin zuten Euskal Herrian. Segi gazte erakundearekin lotura dutelakoan 36 gazte atxilotu zituzten Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin. Azpeitian ere izan zen Guardia Zibila, azaroaren 23 gauean. Herrian bizi zen Urnietako Olatz Izagirreren etxean izan zen, haren bila joanda, baina ez zuten bertan aurkitu. Hala ere etxea miatzen jardun zuen Guardia Zibilak.

Iazko azaroan egin zuten polizia operazioaz geroztik, Donibane-Lohitzunen bizi zen Olatz Izagirre iheslari politiko gisa, eta atzo arratsaldean, frantziako poliziak atxilotu egin zuen Ziburun. Berarekin batera, Asier Coloma, Gaizka Likona eta Carlos Renedo atxilotu zituzten.

AMM-k jakinarazi duenez, "Lapurdiko atxiloketak Rubalcabaren gerra propaganda dira", eta "lau atxilotuak bizitza erabat publikoa egiten zuten Lapurdin". Rubalcabak ETA erakundearekin lotu zituen "han bizi zirela jakin arren", Espainiako komunikabideak "mezu hori zabaltzen" ari direla gaineratu du AAM-k.

Atxiloketak salatzeko, gaur 19:30ean, Azpeitian manifestazioa egingo dute, plazatik hasita. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak herritarrei manifestazioan parte hartu dezaten dei egin die.

Azkeneko albistea 2010/05/07_(14:35): Espetxera bidali dituzte Olatz Izagirre eta beste hiru gazteak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide