Azpeitiarrak nagusi derbian

Uztarria.eus 2010ko mai. 7a, 14:05

Bihar, maiatzak 8, jokatuko dute partidua Iruneko Gal futbol-zelaian, 18:00etan hasita

Real Union mailari eusteko lehian dabil; Reala, berriz, igotzeko borrokan

Bihar, larunbata, Real Unionek eta Realak partidua jokatuko dute, Iruneko Gal zelaian. 18:00etan hasiko da partida, eta ETB1 katean zuzenean ikusteko aukera izango da.

Real Union taldea aurten igo da 2. Mailara, eta jaitsierako postuetan dago (36 puntu) azken jardunaldietan. 2 puntura du salbazioa talde irundarrak, eta biharko 3 puntuak oso garrantzitsuak dira mailari eusteko lehian jarraitzeko.

Reala, berriz, sailkapeneko lehenengo postuan dago (63 puntu) azken asteetan, eta beraz, igotzeko lehian dabil, liga bukatzeko zazpi partida falta direnean. Realarentzat ere oso garrantzitsuak izango dira 3 puntuak.

Joaneko partida iazko abenduan jokatu zuten, eta Realak 4 eta 1 irabazi zion Real Unioni.

Azpeitiko lau jokalari izango dira bihar Gal-en jokatuko den norgehiagokan; Jagoba Beobide eta Hodei Mendinueta Real Unioneko jokalariak, eta Realeko Mikel Labaka eta Mikel Aranburu.

Real Unioneko bi jokalariak itxaropentsu daude biharko partiduarako. "Partida berezia da guretzat derbia. Reala oso erregular ari da denboraldian, baina gu etxean fuerte ari gara eta aukerak izango ditugulakoan nago", jakinarazi du Jagoba Beobidek. Hodei Mendinuetak ere antzera ikusten du biharko partidua: "Partidu bat gehiago da biharkoa, berezia da Realaren kontra delako. Baina gure helburua mailari eustea da, eta Reala etxetik kanpo ez dabil oso fin. Beraz, aukerak baditugula uste dut".

Uztarria.com-ek Mikel Aranburu eta Mikel Labakarekin ezin izan du hitz egin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide