Iraurgik eta Lagun Onak-ek herriko kirolzaleen laguntza eskatu dute

Urola Kostako Hitza, uztarria.com 2010ko mai. 7a, 19:05

Jose Luis Zubizarreta

Bi klubetako talde nagusiek partida erabakigarriak jokatuko dituzte larunbat honetan; Lagun Onak-Zalla neurketa 18:00etan hasiko da

Azkeneko albisteak: (maiatzak 8, 20:10). 4-2 irabazi du Lagun Onak-ek, baina beste talde batzuen emaitzen menpe dago.

(maiatzak 8, 16:15). Iraurgiren partida igandera arte atzeratu da, Islandiako sumendiaren errauts lainoagatik

(maiatzak 10, 11:30). Iraurgik ez du partidarik jokatu asteburuan, eta oraindik zehaztu gabe dago partidaren eguna.

Saskibaloiko EBA Ligako Lan Mobel Iraurgi taldeak eta futboleko Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak-ek partida erabakiorrak jokatuko dituzte bihar, etxean. Iraurgik Zilarrezko LEB mailarako Igoera Faseko lehen kanporaketako itzuliko partida jokatuko du Alhaurin de La Torre taldearen kontra. Lagun Onak-ek, berriz, bestelako egoera du. Hau da, ligako azkeneko partida jokatuko du Zallaren aurka eta irabazi beharra dauka mailari eusteko. Bi kirol elkarteetakoek gaur elkarrekin prentsaurrekoa eman dute udaletxean, eta "bai ala bai" biharkoa irabazi beharra daukatela adierazi dute. Hori dela eta, herriko kirolzaleen laguntza eskatu dute. Lagun Onak-ek 18:00etan jokatuko du, Garmendipen; eta Iraurgik ondoren, 19:45ean, kiroldegian.

Kirol aldetik asteburu oso-osoa izango da herrian: bihar, besteak beste, Joxe Takolo Beka emango dute, 12:00etan, udaletxean. 15:00etan, berriz, Ikasberri Rallysprinta hasiko da Errezilerako errepidean. 18:00etan, Lagun Onak eta Zallaren arteko futbol partida jokatuko da Garmendipe futbol zelaian. 19:45ean, Lan Mobel Iraurgik Alhaurin de La Torreren aurka jokatuko du, kiroldegian. 22:00etan, berriz, Herriarteko Pilota Txapelketa jokatuko dute Ilunpe Pilota Elkartekoek Tolosaren kontra, Frontoi Txikian. Igandean, berriz, 10:00etan Izarraizko Mendi Lasterketa hasiko da plazatik.

"Kirol jardunaldiz betetako asteburu honen aurrean, herriko bi kirol taldek jokatuko dituzten neurketetan kirolzaleen laguntza eskatzera gatoz. Iraurgik eta Lagun Onak-ek partida erabakiorrak jokatuko dituzte eta biek ala biek biharkoa irabazi beharra daukate", esan du Julian Kortajarena Kirol zinegotziak.

Mailari eutsi nahian

Joxe Mari Larrañaga Lagun Onak Futbol Elkarteko presidenteak adierazi duenez, mailari eustea dute jokoan. "Iazko denboraldian ez bezalako egoeran gaude oraingo honetan, baina ordukoa garrantzitsua zen bezalaxe oraingoa ere halaxe da, garrantzitsua. Hori dela eta, iaz herritarrek eman zuten babesa eskatzen dugu oraingo honetan ere. Beraz, herritarrei Lagun Onak animatzera joateko deia egiten diegu". Bihar 18:00etan da, Zallaren aurkako partida, Garmendipe futbol zelaian, eta sarrera doan jarriko dute. "Jokalariak blokeatuta daude eta herriko zaletuen bultzada behar dute", esan du Larrañagak. Lagun Onak sailkapeneko azken laugarren postuan dago, azken hirugarren dagoen Aretxabaletaren puntu berdinekin. Bihar partida irabazi eta azken laugarren postu horri heldu nahi diote. Baina, Bigarren B mailan dagoen Sestao taldeak igandean zer egiten duen adi egon beharko dute gero. Izan ere, Sestaok mailari eustea lortzen badu Hirugarren Mailatik sailkapeneko azken hiru taldeak jaitsiko lirateke beheragoko mailara; baina Sestao Hirugarren Mailara jaisten bada, liga honetako azken laugarrenak ere behera egingo luke.

Larrañagak esan duenez, Lagun Onak-en partida bukatu ostean Iraurgirena ikustera joateko aukera izango da, eta horretara animatu ditu herriko kirolzaleak.

Iraurgi gorako bidean

Lan Mobel Iraurgiren kontua bestelakoa da, hauek aurreko denboraldian bezalaxe aurten ere Igoera Fasea jokatzea lortu dutelako. Bihar, Igoera Faseko lehen kanporaketako itzuliko partida jokatuko dute Malagako Alhaurin de La Torre taldearen kontra. Joanekoan berdindu egin zuten eta Igoera Fasean aurrera egiteko biharkoa irabazi beharra daukate. 19:45ean hasiko da partida, Kiroldegian. "Herrian kirola egiteari balorea ematen diotenei bihar herriko bi kirol taldeei bultzada bat emateko eskatzen diegu", esan du Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi Saskibaloi Elkarteko kideak. Hasiera batean, herriko bi kirol taldeek ordu berdinean jokatu behar zituzten partidak, baina saskibaloikoek ahalegin bat egin dute ordua aldatzeko, "partida beranduago jartzeko aurkarien baimena behar genuen eta onartu egin dute".

Iraurgiren partida ikusteko prezio bereziak jarri dituzte, "gastuei aurre egiteko". Biharko partidarako sarrera Iraurgi Saskibaloi Elkarteko bazkideek 5 euro ordaindu beharko dute eta gainontzekoek 8 euro. "Guk ez dugu klubaren eguna antolatzeko ohiturarik, baina aurrekoan Malagara egin genuen bidaia 4.000 euro kostatu zaio taldeari eta gastu horiei nola edo hala aurre egin beharrean gaude", esan du Zubizarretak. Iraurgik bihar irabaziko balu hurrengo kanporaketa Granollers edota Ferrolen aurka jokatu beharko luke.

AZKENEKO ALBISTEAK

(maiatzak 8, 20:10). 4-2 irabazi du Lagun Onak-ek, baina beste talde batzuen menpe dago mailari eusteko. 4-2 irabazi dio gaur Lagun Onak-ek Zallari Hirugarren Mailako azken jardunaldian, baina sailkapeneko aurkari zuzen Eibar B-k ere irabazi egin du (4-3 Baskoniari) eta, 17. bukatu eta berez salbazioa lortu duen arren, Lagun Onak beste talde batzuen emaitzen menpe dago mailari eusteko: Sestao Bigarren B Mailatik jaisten den ikusi behar, edo hura jaitsi baina Reala B, Elgoibar, Zornotza edo Portugalete Bigarren B Mailara igotzen diren.

Azpeitiko taldeak 43 punturekin bukatu du denboraldia (hemen sailkapena). 18, 19 eta 20.a jaitsi egin dira gaur bertan: Aretxabaleta, Retuerto Sport eta Salvatierra.

Iaz Lagun Onak-ek bukatu zuen lehen tokian. Gero ozta-ozta geratu zen Bigarren B Mailara igo gabe.

(maiatzak 8, 16:15). Iraurgiren partida igandera arte atzeratu dute, Islandiako sumendiaren errauts lainoagatik. Islandiako Eyjafjallajokull sumendiak eragindako errauts lainoagatik Loiuko aireportua ere gaur (maiatzak 8) itxi egin behar izan dute eta Alhaurin taldekoek ezin izan dute etorri. Hori dela-eta, Iraurgiren eta bien arteko partida ez da gaur izango, bihar (igandea) baizik. 12:00etan hasiko da.

(maiatzak 10, 11:30). Iraurgik ez du partidarik jokatu asteburuan, eta oraindik zehaztu gabe dago partidaren eguna. Islandiako Eyjafjallajokull sumendiak eragindako errauts lainoagatik Loiuko aireportua itxita egon zen atzo ere (maiatzak 9). Hori dela-eta, Iraurgiren eta Alahurin de la Torre taldeen arteko partida atzo ere ez zen jokatu, eta zehaztu gabe dago noiz jokatuko duten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide