Gipuzkoako hiru mendizalek jaso dute goi-mendizaletasuna bultzatzen duen 2010eko Joxe Takolo Beka. Larunbatean Azpeitiko udaletxean egindako ekitaldian, 4.200 euroko txekea jaso zuten Mikel Ajuriak, Gorka Barandiaranek eta Arkaitz Yurritak. Patagonia Espedizioa- Fitz Roy, Flush bidea eskalatuz proiektua saritu du aurtengo Joxe Takolo Bekak.
Euskal Mendi Federazioko ordezkari Alberto Zerainen esanetan, saritutako proiektua "oso erakargarria" da. Krisiak krisi, mendian aurrera jarraitu behar dela aipatu zuen Zerainek. Horregatik, ilusioa mantentzeko eta aurrera egiteko gomendatu zien mendizaleei.
"Beka laguntza handia da guretzat", esan zuten espedizioko parte-hartzaileek saria jasotzerakoan. Bideo baten bidez aurkeztu zuten Argentinan egin beharreko espedizioa; azaroa eta abendua bitartean ekingo diote abenturari.
Horma zaila eta erakargarria
Adituen arabera, munduan diren eskalada bideen artean errakargarrienetakoa da Fitz-Royko Flush izenekoa. 1.350 metroko luzera du eta 7c A2 mailako zailtasuna. "Baldintza egokietan, librean eskalatu daiteke horma baina oso zaila da "baldintza horiek aurkitzea", esan zuten mendizaleek. "Aurretik egin dugunarekin alderatuta jauzi handia izango da, baina aukera asko ditugu", esan dute.
Hain zuzen, aurten hamar urte hil zen Takolo mendizalea, bihotzekoak jota. 2000ko abuztuaren 12an zendu zen, etxean. 2001eko maiatzaren 26an hari buruzko biografia aurkeztu zuen Uztarria Kultur Koordinakundeak, Enekoitz Esnaolak idatzita.
Bekaren aurreko urteetako irabazleak
- Pumori (2001).
- Nanga Parbat (2002).
- Elurretako Leopardoa (2003).
- Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino (2004).
- Euskal espedizioa Baintha Brakk 2005 (2005).
- 2006an beka hutsik geratu zen.
- Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo (2007).
- Joxe Takolo bidea Marokon (2008).
- Lau proiektu desberdin (2009).