Vilariñotarrak izan dira garaile Ikasberri XI. Rallysprintean

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 10a, 13:05

Alberdi lehen postuan zihoan, baina bigarren itzulian palierra hautsi eta lasterketaz kanpo gelditu zen

.58 parte-hartzaile izan dira guztira

Ikasberri XI. Rallysprintak arrakasta izugarria izan zuen larunbatean. Euria mehatxuka zebilen goiz-goizetik, baina, azkenean zeruak eutsi zuen eta arazorik gabe egin zen lasterketa. Dena den, antolatzaileei iaz baino ikusle gutxiago zegoela iruditu zitzaien.

Goizean Azpeitiko Epaitegiko plazan bildu ziren arratsaldean parte hartu behar zuten gidari guztiak, eta 15:30ean atera zen lehen autoa irteeratik. Azkenean 58 parte-hartzaile izan dira.

Lehen postuetako lehia

Lehen itzulian Iñaki Alberdi azpeitiarrak amaitu zuen lehen postuan, Ander Vilariñori bi segundu eta erdiko aldea aterata. Lehen itzulia amaitzean, Alberdik honakoa zioen: "Ahalegin guztia egitera noa, bidea oso ondo ezagutzen dut baina Vilariñok bigarrengoan irabaziko dit". Eta ez zebilen gaizki. Bigarren itzulian lehen postuan zihoan, baina, palierra hautsi zitzaion eta lasterketatik kanpo gelditu zen. Ander Vilariño, bere arreba Angela alboan zuela, lehen postuan jarri eta inork ezin izan zien irabazi. Itzuliz itzuli euren denbora hobetzen joan ziren, eta alde handia atera zieten bigarrenei. Ia bi minutuko aldearekin iritsi ziren helmugara Joxe Labaka eta Eli Bergara azpeitiarrak, eta hirugarren postuan gelditu ziren Ricardo Tricio eta Domeka Vera errioxarrek. Aurreikusitako "ikuskizuna" eskaini zuten pilotuek eta ederki gozatu zuten zaleek.

SAILKAPENA

  1. Ander Vilariño - Angela Vilariño 00:21:14.
  2. Joxe Labaka - Eli Bergara 00:23:05.
  3. Ricardo Tricio - Domeka Vera 00:23:15.
  4. Lebeiti - Argoitz Ircio 00:23:16.
  5. Rafa Ateka - Oihane Ituarte 00:23:16.
  6. Aingeru Castro - Angel Castro 00:23:27.
  7. Iban Tarsicio - Iñigo Peña 00:23:34.
  8. Andoni Lopez - Iñigo Korres 00:23:38.
  9. Urtzi Beristain - Arkaitz Olalde 00:23:50.
  10. Martin Villares - Juan Bidegain 00:23:56.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide