Iraurgik itzuliko partida noiz jokatuko duen zehaztu gabe dago oraindik

Uztarria.eus 2010ko mai. 10a, 14:05

Islandiako Eyjafjallajokull sumendiak eragindako errauts lainoa dela eta, ezin izan zuten hegazkina hartu Alhaurin de la Torre taldekoek

Aste honetan jokatuko dutelakoan daude Iraurgikoak

Lan Mobel Iraurgi eta Malagako Alhaurin de la Torre larunbat arratsaldean ziren jokatzekoak EBA ligako Igoera Faseko itzuliko partida, Azpeitian.

Alhaurin de la Torre taldeak, ordea, ezin izan zuen Azpeitira etortzeko hegazkina hartu. Islandiako Eyjafjallajokull sumendiak eragindako errauts lainoa zela eta, Loiuko aireportua itxita zegoen.

Arazoak tarteko, igandean 12:00etan jokatuko zutela erabaki zuten. Baina, atzo ere ezin izan zuten etorri eta, beraz, erabakitzeko dago partidaren eguna. Iraurgikoek ez dakite noiz jokatuko duten neurketa, baina aste honetan izango delakoan daude.

Joaneko partidan, Malagan, berdinketa lortu zuen Iraurgik. Itzuliko partida ikusteko dago, baina Igoera Faseko lehian jarraitzeko irabazi egin beharko du partida Iraurgik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide