Walter Becerrak irabazi du Izarraizko Mendi Lasterketa

Urola Kostako Hitza 2010ko mai. 11a, 10:05

Izarraizko mendi lasterketako podiuma. (Nerea Uranga)

Emakumezkoetan Aitziber Ibarbia sestaorra izan zen 21 kilometroko mendiko proba amaitzen lehena

Lehen herritarra, berriz, Enekoitz Aizpuru izan zen

Guztira 82 lasterkarik zuten izena emanda herenegungo IV. Izarraizko Mendi Lasterketarako. Baina azkenean 160k hartu zuten parte Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako proban. Walter Becerra sestaoarrak irabazi zuen (01:56:28) 21 kilometroko mendi proba. Haren atzetik bukatu zuen Agusti Roc katalanak (01:58:43), eta Fernando Etxegarai berarra izan zen hirugarrena (02:00:15). Lehen azpeitiarra Enekoitz Aizpuru izan zen (02:01:14); sailkapen orokorrean laugarrena. Emakumezkoetan, Aitziber Ibarbia zizurkildarra izan zen aurrena (02:36:15). Azken bi kilometroetan hartu zion aurrea ia lasterketa guztian aurrena joan zen Yolanda Gurendez gasteiztarrari (02:36:50). Emakumezkoetan lehen azpeitiarra Jone Urkizu (03:06:25) izan zen.

Herenegun goizeko 10:00etan hasi zen mendiko proba, Azpeitiko plazan. Bi kilometrotara zegoen tarteko helmuga, eta Enekoitz Aizpuru izan zen hara iristen lehena. Baina Xoxote gailurrera Agusti Roc heldu zen lehenengo (31:36), eta haren atzetik iritsi zen Becerra (32:08). Etxegarai eta Aizpuru, berriz, elkarrekin iritsi ziren Xoxotera (33:57). Nesken artetik Yolanda Gurendez izan zen aurrena Xoxoten (42:49), eta Aitziber Ibarbia (44:39) heldu zen haren atzetik.

Kakuteko punta Roc eta Becerrak batera zapaldu zuten (44:35), eta haien atzetik iritsi zen Aizpuru (56:48). Emakumeen artean Gurendezek (01:13:05) zapaldu zuen aurrena Kakuteko gaina eta, Xoxoten bezalaxe, atzetik heldu zen Ibarbia. Erlo gainera ere Roc eta Becerra parean heldu ziren (01:15:10), eta haien atzetik Aizpuru (01:18:00) eta Etxegarai (01:18:15) iritsi ziren. Emakumezkoetan, Kakuten bezalaxe, aurrena Gurendez eta atzetik Ibarbia izan ziren.

Erlotik Aitz Bakar aldera eta handik, Madalenatik barrena, herriko plazarako jaitsieran erabaki ziren lehen postuak. Goitik beherakoan Becerrak aurrea hartu zion Roci. Ondarbason sestaoarra aurrena zihoan. Emakumezkoetan ere, Ibarbiak gainditu egin zuen Gurendez.

Jende asko animatzen

Becerrak zioenez, jaitsierako bidea arriskutsua zegoen, baina "giro ederra" izan zen proban: "Jende asko zegoen gu animatzen". Roc ere bat etorri zen: "Ibilbidea oso ederra da, eta polita izan da proba. Jende asko zegoen eta etxean bezala sentitu naiz".

Hurrengo mendi lasterketa uztailaren 4an izango da Azpeitian; Zuzenien proba bertikala, hain juxtu. Mundu mailako mendi lasterketetako txapeldunak, Roc-ek, ez du zehaztu han izango den: "Egutegian hitzordu hori kontuan dut, baina astebete lehenago proba gogorra dut eta ez dakit etorriko naizen". Izarraizko Mendi Lasterketako sailkapen osoa www.lagunonakmb.org webgunean jarri dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide